Blog del director
20mar/110

ESTREINATU BERRIA

Publicado por: José Luis Rebordinos

Zinemaldiko zuzendariaren blog hau abian jarri dugu gaur. Zuzendariaren bloga izango da, baina sinatzen duenaren bloga ere izango da, alegia, nirea, José Luis Rebordinosena. Izan ere, zinemaz, zehazki, eta ikus entzunezkoaz, oro har, arituko garenean bizitzaz ere arituko gara. Eta hor, batzuetan, ezinezkoa izango zait alderdi profesionala eta pertsonala, pertsonaren kargua, bereiztea.

Nire lehenengo bloga da. Ikus entzunezkoarentzako garai zailean jaio da bloga, baina, baita aldaketez eta eraldaketez jositako garaian ere. Hortaz, aukera garaia ere bada. Blog hau jaio denean denontzat ezaguna den hondamendiak Japonia suntsitu du, mundua asaldatuta eta liskar eta miseriez beteta dago, baina gure Euskal Herri txikiak esperantza unea bizi du, bakea inoiz baino gertuago baitago... Horixe da testuingurua. Testuinguru handia.

Txikiak zera esan nahi du, hau dela Zinemaldiko zuzendari gisa emango dudan lehendabiziko urtea eta ilusio handiz hartu dudala ardura hori, tentuz baina baikor, zailtasunak zailtasun.

Hitz hauek amaitzeko bi gauza aipatu nahi nituzke:

Bata baldintza bat da. Pertsonak edo erakundeak iraintzen edo mintzen dituen iruzkinik ez dugu onartuko blogean. Kritikak ongi etorriak eta onartuak izango dira, noski. Baina kritikek ez dute zertan zerikusirik izan irainekin... Blog hau hainbat pertsonaren topaleku, iritziak trukatzeko eta eztabaidarako toki eta gune libre eta irekia izatea, eta, noski, bestearekiko, zuk bezala pentsatzen ez duenarekiko, ezberdinarekiko, errespetua ezinbesteko ezaugarri izango duen tokia izatea nahi dut.

Bestalde, blogean parte hartuko duzuenei pazientzia pixka bat eskatu nahi dizuet. Askotan, ezin izango dut luzaroan parte hartu. Desagertuta egongo naiz. Lanak markatzen didan erritmoak ez dit aukerarik emango blogari nik nahi nukeen denbora guztia eskaintzeko. Hala ere, bermatzen dizuet nire sinadura izango duten iruzkinak nik idatzitakoak izango direla, eta jakinarazpenak ez dituela beste inork nire izenean sinatuko.

Eskerrik asko eta ongi etorri.

 

José Luis Rebordinos

Comentarios (0) Trackbacks (0)

Aún no hay comentarios.


Leave a comment


+ 9 = 13

Aún no hay trackbacks.