tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 58. Edizioa 2010  > Zinemaldiaren Egunkaria > Sormenaren joko krudela
Zinemaldiaren Egunkaria » .DOC: EZ FIKZIOAREN BIDE BERRIAK
Sormenaren joko krudela
BOST BALDINTZA / THE FIVE OBSTRUCTIONS
Igandea, 2010(e)ko irailak 19

Publizitatearen estetikarekin jolastuz, giza izaerari buruzko erretratu berezia plazaratu zuen Jorgen Leth zinemagileak The perfekte menneske (1967) film labur esperimentalean, egiazki. Gela zuri eta huts batean galduta dabilkigu gizaki perfektua artelan biluzi horretan; off ahotsaren deskribapen lehor eta galdera etsien meneko. Harribitxi minimalista apart hark liluraturik,bost remake ezberdin egiteko erronka egin zion Lars von Trier makurrak egileari berari hiru hamarraldi geroago. Halaxe sortu zen, hain justu, The Five Obstructions(2003) dokumental irudimentsua. Bertan, Leth maisua bidelagun hartuta, zinema sormenaz egiten du gogoeta Lars von Trier ilunak.

Demiurgo gupidagabea bailitzan,remake bakoitza egiteko baldintza gordinak ezarriko dizkio Leth irakasle zaharrari Breaking the Waves (1996) maisulanaren egileak filmean. Hala, estreinako film laburra Kuban, dekoraturik gabe, errodatu beharko du eta plano guztiek ezin izango dituzte hamabi fotograma baino gehiago izan. Hori guztia gutxi balitz, jatorrizko film laburrean off ahotsak egindako galderen erantzunak ere argitu beharko ditu. Arazoak arazo, arrakasta handiz gaindituko du Lethek lehen erronka.

Zentropa ekoiztetxeko egongelan, kabiar eta vodka artean, bere joko krudelean urrats bat harago joango da Lars Von Trier; adiskide minaren printzipio etikoak proban jarriz. Bombayko auzunerik txiroenera bidaliko baitu Jorgen Leth, The perfekte menneske (1967) filmeko tripafesta ederra irudikatu eta bertako errealitate samina ezkutuan mantentzeko aginduz. Emaitza paregabea izango bada ere, ez du dogmazale zinikoa asebeteko. Horrenbestez, mendeku gisara, askatasun osoz, araurik gabe, sortzeko mandatua egingo dio. Alegia, sortzaile bati egin dakiokeen desafiorik latzena.

Bruselan girotuko du hirugarren remake hori Leth argiak. Pantaila erdibituaren bitartez istorioa harilkatuz, eszena iradokitzailez zipriztindutako film interesgarria erdietsiko du.Ondoren, animaziozko bertsio bat egitera behartuko du Von Trier ankerrak. Animazioa gorroto arren, onik irtengo da, ordea. Eta, amaieran, Lethek berak irakurri eta aintzat hartuko duen testuaren bidez mirespena aitortuko dio ikasle matxinoak maisu zaharrari.

Sormen prozesuari buruz hausnartzen duen dokumental zirraragarria da The Five Obstructions (2003), zinez. Azken emaitzari baino, sormen bideari ematen baitio garrantzia filmak. Zentzu horretan, ezarritako arau zurrunak saihesteko sortzaileak darabiltzan aukera irudimentsuen lekuko gara. Eta, unibertso eder bezain zital horretan, zalantza, sufrimendu, eragozpen zein baldintza ororen gainetik artistaren sortzeko beharra gailentzen da. Sormenaren aldarrikapena.

Iñaki LAZKANO

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea