tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 58. Edizioa 2010  > Zinemaldiaren Egunkaria > Elena Trapé: «Filma nesken eskuzabaltasunaren fruitua da»
Zinemaldiaren Egunkaria » ZABALTEGI
Elena Trapé: «Filma nesken eskuzabaltasunaren fruitua da»
ZUZENDARI BERRIAK / BLOG
Larunbata, 2010(e)ko irailak 18

Ohiz kanpoko istoria helarazten digu Elena Trapé kataluniarrak Blog filmean. Bere lehenengo film luzea emakumeen nerabezaroaren ispilu izatea nahi zuen Kataluniako Zine Eskolako (ESCAC) irakasle eta, aldi berean, publizitate munduan lan egiten duen emakume honek eta, hartara, arreta piztu zion orain bi urte AEBetako hiri batean jazotako
gertakariak: hamasei urte baino gutxiagoko neska talde batek batera haurdun geratzeko erabakia hartu zuen, euren bizitzan “betirako maitatuko zaituen norbait” izan zezaten.

Gertakari hartatik abiatuta hausnarketa sakona ekarri du Trapék pantaila handira. Emakumeen nerabezaroa eta teknologia berriak (ordenagailuak, internet, sare- sozialak...) uztartu eta nolabait fikzioa eta dokumentalaren artean dagoen lana osatu du. Zabaltegi ireki zuen lehen emanaldian eman zen kataluniarraren filma eta, zuzendariari zein berarekin batera emanaldian izan ziren zazpi protagonistei eskaini zitzaizkien txalo zaparrada sortak entzunda, zalantzarik gabe esan daiteke zinemazaleek puska batean ahaztuko ez duten filma dela.

Webcamak logeletan

Emanaldiaren ostean, zuzendaria eta zazpi protagonistak oholtzara igo eta publikoarekin solasean aritu ziren. Izan ere, urtero legez, Zinemaldiko zenbait saioren ostean publikoak filmeko partaideekin solasean aritzeko aukera izango dute. Kasu honetan, filmak duen formatuagatik, filmaketa prozesua izan zen solasaldia gidatu zuena. Trapék azaldu zuenez, zazpi neska protagonistei webcam bana eman zien, betiere filmaren gaiari helduta, nahi zutena jaso zezaten. Hala, gai estetikoak, nerabeen arteko harremanak, motibazioak, talde sentimenduaren beharra, norbere izaeraren gaineko zalantzak eta orokorrean hamabost urterekin sentitzen diren ziurtasun gabezia zein zalantzen pilaketa ahalik eta era naturalenean irudikatu nahi izan zituen. “Webcam hauek sei hilabetez izan zituzten euren benetako logeletan. Beraiek hautatzen zuten zer kontatu eta zer ez eta guk material horren hautaketa egin genuen. Filmean ikusten den guztia –ziurtatu zuen- beraien eskuzabaltasunaren fruitua da”.

Hala, hein batean neska bakoitza bere pertsonaiaren zati dela azaldu eta, hasierako asmoa ez bazen ere, gidoi zehatzik ez idaztearen aldeko hautua egin zuela argitu zuen: “Beraien modura adierazteko testuingurua sortzea egokiagoa zela ikusi genuen. Azkenean neskak ezagutu egin ditut eta interesatzen zitzaidan zenbait gauza kontatzen zizkidatenean manipulatu egiten nituen, baina hitzaren zentzu onenean, nik nahi nuena egin zezaten. Baina, betiere, beraien hitzak eta beraien adierazteko era erabilita”. Neskek ere halaxe diote: “Elenak eskatzen ziguna interpretatu genuen, nahi genuena ere bai, eta hemen dago emaitza”. Bitxitasun gisa, nesketako batek lotan zegoela lau orduko grabaketa egin omen zuen.

Filmatze prozesuaren aurretik egin zituzten tailerrek ere berebiziko garrantzia izan zutela
azaldu zuen: “Tailerrean lagun egin ziren neskak eta beranduago, mutilak etorri zirenean,
horiekin ere segituan hasi ziren telefonoak eta messenger-ak trukatzen”. Azken batean, Trapék ziurtatu zuen gisara,“ez dugu gogoratzen zer den hamabost urte edukitzea”. Atzo Blog ikusteko aukera izan zutenek, behintzat, ziur memorian atzera egin eta euren burua adin horrekin gogoratzeko saiakera egin zutela.


Amalur ARTOLA

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea