Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 58. Edizioa 2010  > Zinemaldiaren Egunkaria > Dragomir Sholev: «Dena bizitzatik hartu dugu»
Zinemaldiaren Egunkaria » ZABALTEGI
Dragomir Sholev: «Dena bizitzatik hartu dugu»
PODSLON (SHELTER)
Asteartea, 2010(e)ko irailak 21

Dragomir Sholev zuzendari bulgariarrak atzo aurkeztu zuen Donostian Podslon (Shelter) filma, bere lehen lan luzea. Familia-drama honetako protagonista Rado da, bera baino zaharragoak diren bi gazte punkyrekin harremana duen hamabi urteko mutikoa.Bere aita haurra menderatu ezinean dabil: heziketa egokia eman diola uste du eta ez du ulertzen zer gertatu den. Amak,aldiz,haurra babeste aldera jokatzen du. Abiapuntu horretatik hasita eraiki du Sholevek gurasoen ardura eta samina irudikatzen duen filma. Aurkezpenean, Sholevez gainera, lan-taldeko ordezkaritza zabala izan zen: bere alboan izan zituen bi gidoilari, bi antzezle eta ekoizlea.

Emanaldiari hasera eman aurretik, zuzendari bulgariarrak eskerrak eman zituen jaialdira gonbidatua izanagatik eta, zentzu horretan, lan-taldea “zirraraz betea” dagoela ziurtatu zuen. Ohi denez, lehen emanaldiaren ostean ikusentzuleek filmeko partaideekin solasaldian aritzeko aukera izan zuten eta, lehen galderan, filma egiterako orduan erreferentzia estetiko zehatzen bat jarraitu ote duen galdetu zioten: “Ez dut erreferentzia zehatzik, guk dena bizitzatik hartzen dugu, gure esperientziatik. Hala ere, badira zerbait iradoki diguten pelikula edo mugimenduak, baina ezer zehatzik ez”, erantzun zuen.

Filmaketa gogorra

Filman zehar sekuentzia planoa hainbatetan erabili du Sholevek eta, zenbaitetan, hamar minutuko iraupena duten planoak ere osatu ditu. Honen gainean, halako iraupenak ematea “oso zaila” dela ziurtatu zuen, baina “antzezleek testua asko landu zuten, hilabete bat eman zuten entsegutan, lehendabizi mahai baten inguruan eta azkenik setean, eta hori izan zen gakoa”. Argitu zuenez, filmatzea bost astetan egin zen eta eguneko plano bakarra filmatzen zuten. “Ia denak amaitzen genituen bazkalordua iritsi aurretik eta, beraz, lan-taldea oso pozik zegoen”. Lan-taldea gustura egon arren, berarentzat esperientzia gogorra izan dela aitortu zuen: “Filmatzea amaitu zenerako jota nengoen, gogorra izan zen niretzat eta antzezleentzat, aldiz, sekula egin zuten filmatze errazena izan zen”. Izan ere, azken hauek ez zekiten ziurtasunez noiz ari ziren filmatzen eta noiz ez: “Giro berezia sortu nahi izan nuen” azaldu eta adibidea jarri zuen: “Euria ari zuen sekuentzietan busti egiten genituen. Gogoan dut busti genituen aldi horietako batean ‘baina zergatik bustitzen gaituzu ez bagara filmatzen ari!’kexatu zirela”.

Gizarteari helarazi nahi zaion mezuaren gainean, “ezer zehatzik” transmititu nahi izan duenik ezeztatu eta, izatekotan, “zaindu itzazue hobeto zuen haurrak” adierazi nahi izan duela aipatu zuen. Zuzendariaren iritziz, “garrantzitsuena guraso eta seme-alaben arteko harremanei buruz hitz egitea da, denak jaiotzen garelako familia baten bueltan eta denei eragiten digutelako harreman hauek”.

Amaitu aurretik,Sholevek eskerrak eman zizkion publikoari filmari eman zaion harrera beroagatik, Podslon zinema-areto batean aurkezten den lehen aldia zela ekarri zuen gogora eta “espero dut azkena ez izatea”, esanez amaitu zuen solasaldia.

Amalur ARTOLA

 

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea