Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 59. Edizioa 2011  > Sailak eta filmak > 4 + 1: Mexikoko zinema garaikidea
4 + 1: Mexikoko zinema garaikidea
4+1: Mexikoko zinema garaikidea

Zinemaldiaren 59. edizioan 4+1 jaialdiarekin batera antolatutako ziklo bat izango da, baita haurrentzat propio antolatutako jarduera bat ere

Donostia Zinemaldiaren 59. edizioa MAPFRE fundazioarekin lankidetzan hasiko da. Hala, bi jarduera antolatuko dituzte elkarrekin aurten: batetik, Mexikoko zinema garaikideari eskainitako zikloa, eta, bestetik, MAPFRE FUNDAZIOA zinema-estudio txikia.

Mexikoko zinema garaikidea zikloa MAPFRE fundazioaren 4+1 jaialdiarekin lankidetzan programatu dute. MAPFRE fundazioaren 4+1 zinema-jaialdiak bost hiriko zirkuitua antolatu du egile-zinema proiektatzeko: nazioarteko zinema-jaialdietan aurkeztutako eta zinema-aretoetan estreinatu gabeko filmak emango dituzte. Honako sare hauek ditu: Mexikoko Zinemateka Nazionala, Bogotako Cinemateca Distrital eta Cine Colombia, Buenos Aireseko MALBA, Rio de Janeiroko Centro Cultural do Banco do Brasil, eta Madrilgo Golem zinemak.

Aurtengo edizioko 4+1 zikloa Mexikoko zinemagintzari eskainiko diote. Hain zuzen, Mexiko Hirian izango du aurtengo 4+1 zinema-jaialdiak egoitza nagusia urriaren 26tik 30era bitartean. Mexikoko Zinematografia Erakundearen ezin eskertuzko laguntza izan du jaialdiak (IMCINE, gaztelaniazko siglen arabera). Bertan, bederatzi film ekoitzi berri aurkeztuko dituzte, Mexikoko egungo zinemagintzaren egile ospetsuek zuzenduak. Aukeraketa eklektiko horretan, nazioartean prestigiotsuak diren hainbat zinemagileren ekoizpen-lanik arriskatuenak eta iradokitzaileenak daude bilduta.

Bestalde, MAPFRE FUNDAZIOAK, eta Donostia Zinemaldik, MAPFRE FUNDAZIOAREN zinema-estudio txikia izeneko haurrentzako pabiloia aurkeztuko dute. Donostia munduko zinema-hiriburu bilakatzen den egunetan, Okendo plazan pabiloi bat ipiniko dute irailaren 12tik 24ra bitartean; bertan, haurrak zinema-mundura gerturatzeko hainbat jarduera proposatuko dituzte. Batez ere, Zazpigarren Artearen hunkidurak eta esperientziak haurrei gozaraztea izango da helburua. Pabiloiaren programak tailer eta jarduera iraunkorrak edukiko ditu hiru urtetik hamabi urtera bitarteko txikientzat. Horietan, haurrek zinematografiaren hainbat alderdi ezagutuko dituzte gertutik; esate baterako, gidoiekin ohitu eta dibertituko dira, zinemagintza ofizioaren ingurukoak ikasiko dituzte, trukajea eta efektu bereziak, bikoizketa, animazioa, joko optikoak, makillajea eta jantziak...

Astelehenetik ostiralera bitartean goizez antolatutako jarduerak ikastetxeentzat izango dira; gainerakoak, berriz, familiei irekiak. Espazioa erabat egokituta dago; haur guztiek parte hartu ahal izango dute bertan, batere eragozpenik gabe.

Bi ekimenak Donostian aurkeztu dituzte gaur. Ekitaldian izan dira Donostia Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinos, MAPFRE fundazioaren Kultur Erakundeko zuzendari alboko Daniel Restrepo, eta MAPFRE fundazioaren 4+1 zinema-jaialdiaren programatzaile Garbiñe Ortega.

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones