tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 60. Edizioa 2012  > Zinemaldiaren Egunkaria > Cantet: «Emakume nerabe behartsuaren ametsak bizirik dirau»
Zinemaldiaren Egunkaria » SAIL OFIZIALA
Cantet: «Emakume nerabe behartsuaren ametsak bizirik dirau»
FOXFIRE
Asteartea, 2012(e)ko irailak 25

Laurent Cantet zinemagile frantziarrari “kasualitatez” iritsi zitzaion eskutara Joyce Carol Oatesen “Foxfire: Confessions Of a Girl Gang” liburua eta hasieratik “maitemindu” egin zen istorioarekin. Bereziki, nobelak jorratzen zituen hiru gaiengatik: 50. hamarkadako Amerikar ametsa, garai hartan komunismoaren aurka zegoen sentimendua eta emakumeek pairatzen zuten indarkeria. Liburua amaitu zuen momentuan, atzo Sail Ofizialean aurkeztu zuen Foxfire egokitzapena lantzen hasi zen.

Nobela oinarritzat hartuta, New Yorkeko estatuan bizi diren bost neskatilen bizipenak kontatzen ditu filmak. Gizonek kontrolatzen duten gerraondoko indarkeriazko gizartean bizi dira eta nazkatuta daude behartsu, nerabe eta emakume izateagatik jasotzen duten tratuarengatik. Hori dela eta, Foxfire deituriko banda sortuko dute min eman dieten osaba, irakasle eta ikaskideen aurka mendeku hartzeko.

“Asko interesatu zitzaidan mundua 15 urteko neska hauen ikuspegitik ikustea, ilusio eta amets mordoa izan arren, segurtasun eza eta kezkaz beterik daudelako. Nik garai hartan izan nituen galderak uztartzeko balio izan dit”, azaldu du Ikasgela filmean antzerako gaia jorratu zituen zinemagileak.

Amerikar ametsa pil-pilean zegoela, neskatoek askatasuna eta beren bizien kontrola lortu nahi dute. Eta garai hartan debekatuak zeuden ideal sozialista eta komunistak ere besarkatuko dituzte. Beren helburuak lortzeko edozer egiteko prest egongo dira, baita odolezko ituna egin, etxe bat alokatu eta familiengandik aldenduta bizi berri bati ekin ere. Zuzendariak dogmatismoa alde batera utzita, nerabeek beren identitatea bizipen eta esperientzien bidez nola egituratzen duten adierazi izan nahi du.

Hasieratik, Legs bihurtuko da taldeko buru eta, poliki-poliki, mehatxu eta ekintza txikietatik eraso handietara pasatuko dira. “Elkarrekin bizitzen hasten direnean hasierako utopia amaitzen da. Nesken izaera gogortzen joango da eta, momenturen batean, terroristatzat ere hartzen dituzte”, aurreratu du Cantetek.

Maddy eta Rita pertsonaiei bizia ematen dieten Madeleine Bisson eta Katie Coseni aktoreak “oso gustura” sentitu dira pelikula grabatzen, bost protagonisten artean “harreman oso berezia” eduki dutelako. “Hainbeste ordu elkarrekin pasa ondoren, banda bat osatuko bagenu bezala sentitzen ginen eta, horri esker, inprobisazioa asko lagundu ahal izan dugu”, erantsi zuten artista gazteek.

Hala ere, zuzendariak “Foxfire: Confessions Of a Girl Gang” liburua “erabat” errespetatu duela azpimarratu du, Donostiara ekarritakoa “garaiko” pelikula bat delako. Hori bai, zuzendariaren ustetan, Foxfirek egungo “ukitu” bat ere badu, luzemetraiak jorratzen dituen feminismoa, emakumeenganako indarkeria eta Amets amerikarra bezalako gaiek “oraindik ere bizirik” dirautelako.

E.A.

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea