tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 60. Edizioa 2012  > Zinemaldiaren Egunkaria > Ziad Doueiri: «Ezer ez da zuri edo beltza, ezta Palestinan eta Israelen ere»
Zinemaldiaren Egunkaria » SAIL OFIZIALA
Ziad Doueiri: «Ezer ez da zuri edo beltza, ezta Palestinan eta Israelen ere»
THE ATTACK
Asteazkena, 2012(e)ko irailak 26

Amin Jaafari zirujauak Israeleko urteko sendagile onenaren saria jaso du eta benetan harro dago, lehenbiziko aldiz, jatorri arabiarra duen norbait saritu dutelako. Hala adierazi du oholtza gainera igo denean, Tel Aviven erabat integratuta bizi arren, Palestina eta Israelen arteko gatazka oso hurbil sentitzen duelako. Amin beti izan da gizon moderatua eta inoiz ez du arazorik izan lankide eta lagun israeldarrak egin edota gaixoen jatorria kontutan hartu gabe mediku gisa aritzeko. Horregatik, ezinezkoa irudituko zaio saria jaso eta ordu gutxitara jasoko duen berri txarra. Bere emazte Sihamek atentatu suizida egin eta hemeretzi lagun hil dituela esango dio poliziak.

Istorio honetatik abiatuta, Ziad Doueiri zinemagile libanoarrak Palestina eta Israelen arteko gatazka hartu du berriz ere ardatz Atentatua filmean. Paradise Now eta Lemon Tree-n egin zuen bezala, bi herrien arteko arazoa jorratuko du “inongo epaiketarik egin gabe”.

Atzoko estreinaldiaren ondoren esan zuenez, “ikuspuntu orokorra” eman nahi izan dio egoerari, ikusleek beren ondorio propioak atera ditzaten. “Argi daukagu pelikula honek ezingo duela arazoa konpondu odol eta fanatismo gehiegi dagoelako atzean, baina gaia mahai gainean jarri nahi izan dugu biktimen istorioetan sakontzeko”, azaldu du.

Atentatua eraso suizida gauzatzen duen emakumearen senarri buruzko pelikula da, eta nola, emaztea errudun dela jakitean, arazo moralak sortzen zaizkion gizonari, are gehiago, familiako senide gehiago tartean daudela jakitean. Zer egin? Denak salatu poliziaren aurrean? Ez al du horrek errepresioa areagotuko?

Dilema ikaragarria izango du eta gainera Israeleko lagun onena presioa egiten hasten zaio. Ezin du ulertu Aminek, betidanik bakezalea izanik eta integrismoa eta indarkeriaren aurka gogor egin ondoren, terroristak babesteko erabakia har dezakeenik. Ulertezina gertatzen zaio mediku batek atentatua egin dutenen alde jartzea bere lanbidearen helburua biziak salbatzea denean.

Emakume terroristak
Emaztea erruduna dela egiaztatzen duenean, Palestinako Lurraldeetara joango da Amin emakumea erreklutatu zuten integristekin biltzeko. Erantzunik gabeko galdera gehiegi ditu eta egia jakin behar du. Zer bultza dezake itxuraz moderatua den emakumea eraso suizida egitera? Zergatik ez zion egia kontatu?

“Gidoia idazten ari nintzela asko dokumentatu nintzen gai honi buruz, garai hartan Palestinako emakume asko atxilotu zituztelako hilketak egiteko asmoa zeukatela egotzita”, ekarri du gogora zinemagileak.

Atentatua Yasmina Khadra idazlearen liburu baten moldaketa izan arren, jatorrizko bertsioak ez zuen gai honen inguruan zehaztasunik ematen. Eta Jaafarik ere nahiago izan zuen ez xehetasunetan sartu. “Emazteak erabakia zergatik hartu zuen esaten banuen, pelikula gehiegi definitu eta misterioa galduko genuke. Nahiago izan dut gauza asko airean utzi”, argitu du libanoarrak.

Palestina eta Israelen arteko gatazkari buruz galdetzen zaionean, adituek erantzun beharko dutela esaten du. “Gai hau lantzen dudan aldi oro ateratzen didate gaia. Nire borroka pelikulak egitea eta finantziazioa lortzea da”, esan du.

Hala ere, epe motzean behintzat, ez du uste bi herrien artean bakerik izango denik. “Pelikulan ikusten den egoera bizitzen dugu egunero. Hori da errealitatea. Aktoresak berak beldurra izan zuen eskaini nion papera onartzerakoan”, gehitu du.

Gauzak horrela, Atentatua-ren filmazioa talde osoarentzat “oso aberasgarria” izan zela ziurtatu du. Izan ere, Palestina eta Israeleko aktore eta teknikariak bildu zituen eta harremana “benetan ona” izan da. “Elkarlanak asko lagundu digu guzioi, bi herriak etsai amorratuak izan arren, denok helburu berak ditugula ikusi dugulako. Ezer ez da zuri edo beltza”, azpimarratu zuen.

E.A.

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea