tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 60. Edizioa 2012  > Zinemaldiaren Egunkaria > «Ikusten ari garen kalitatearekin, kosta egingo zaigu erabakia»
Zinemaldiaren Egunkaria » EPAIMAHAIA
«Ikusten ari garen kalitatearekin, kosta egingo zaigu erabakia»
SERBITZU SARIAREN EPAIMAHAIA
Asteazkena, 2012(e)ko irailak 26

Nahiz eta aldez aurretik elkar ezagutu ez, giro ederra sumatzen da aurtengo Serbitzu Sariaren epaimahaikideen artean. Antzoki Zaharraren inguruan nahi zuten zita, han omen zituztelako gaurko beraien eginbeharrak, atsedena aprobetxatu eta barrabarra aritu dira hirurak kafetxoa parean izanda. Gauza asko kontatu bai, baina beti ere ikusi dituzten filmei buruzko informazioa gorde nahian: “Gutxi gorabehera erdia ikusi dugu eta orain arteko mailarekin oso harrituta nago onerako, gauza oso ezberdinak daude baina maila polita benetan” dio Katixak. “Kezkatzen hasiak gaude benetan. Genero diferenteak dira, produkzio maila diferenteak, baina bakoitzak berean oso lan onak egin dituela uste dugu” gehitzen du Andonik. Eta Maruren kezka ere, gero film guztiak ikusita, genero desberdin hauek uztartzea litzake.

Gauza batez ziur daude, ondo konponduko direla edo akordio batera iritsiko direla onartzen dute. Erabaki bat hartzera iritsiko dira, horri ez diote hainbeste beldurrik.

Andoni Egaña Euskal Filologian lizentziaduna da. Kulturarekin eta euskararekin loturiko hainbat alderdi landu baditu ere, bertsolaritzan eginiko lorpenengatik da bereziki ezagun. Literaturaren arloan hainbat lan egin ditu, besteak beste: “Sokratikoek ere badute ama” narrazio bilduma, “Pausoa noiz luzatu” eleberria, “El arte del bertsolarismo” edota “Zaudete geldi pixka batean” haurrentzako literatur lana. Gidoilari gisa ere aritu da Euskal Telebistako hainbat programa eta telesailetan eta Asier Altuna zuzendariaren laguntzaile izan zen Bertsolari dokumentalean.

Katixa Agirre idazlea eta ikusentzunezko medioetako ikerlaria da. Bi ipuin-liburu idatzi ditu, “Sua falta zaigu” eta “Habitat”, eta arlo akademikoan, zinea, telebista eta feminismoaren inguruko harremanaz argitaratu izan du asko. Ikus-entzunezko zein idatzizko medioekin kolaboratu ohi du eta hainbat sari jaso ditu, horien artean, Ernestina de Champourcín poesia saria (2004) eta idazle gazteentzako Igartza beka (2008). Egun, Eusko Jaurlaritzako ikerlari postdoktorala da University of East Anglian, Erresuma Batuan, eta bertan ‘Mad Men’ telesailaren inguruko ikerketa ari da garatzen.

Hirugarren epaimahaikidea, Maru Soloresek Andoaingo Zinema eta Bideo eskolan egin zituen ikus-entzunezkoen arloko lehenengo ikasketak eta Berlinen Zinema Zuzendaritzako goi mailakoak. Bertan, hainbat film labur zuzendu zituen, baita dokumentalak ere. Dortoka Uhartea izan zen bere graduazio-lana, mundu osoko zinema-jaialdietan sariak irabazi zituen lana. Euskadira itzuli zen eta telebistan hainbat lan egin ondoren, duela gutxi estreinatu du zuzendari eta gidoilari-kide gisa egin duen lehenengo film luzea, Camera obscura.

Maru Soloresek azaltzen digu beraien ikuspuntua: “Izan baditugu gauzatxoak komunean, baina bakoitza esparru batetik gatozelako aukeratu gaituztela uste dugu, filma leku desberdinetatik aztertzeko”. Andoniren ustez hori ona da, akaso bakoitzak gauza zehatz batzuei emango die garrantzia edo akaso espero dutena baino adostasun gehiago lortuko dute. Batek daki.

Filmak ikuslegoarekin ikustea polita bai, baina hirurak kezkatzen ditu. Estreinaldi bat izatea eta filma lantaldearekin eta publikoarekin ikustea akaso balore bat gehitzen dio filmari, ez dakigu ordea hori ona den. Hala ere desabantailak gainditzeko hori alde batera uzten ahalegintzen dira eta filmetako emanaldi desberdinetara joaten direnez gero, kasualitate horrek balantza orekatuko duela seguru daude.

Epaimahai gisa saiatzen dira ikuspuntu profesionala izaten, baina azkenean pelikulak harrapatzen bazaitu ikusle arrunta bazina bezala ikusten duzu. ”Zinetik ateratzean hasten dira komeriak. Atzo goizeko ordu batean kotxea hartu eta Zarautza etxerakoan, bidaia izugarri motza egin zitzaidan, buruari buelta eta buelta, irudiz beteta, erabakiak hartu nahian” dio Andonik eta bere bi kideek berehala erantzuten diote: “Gero kontatuko diguzu zein pelikularen ondoren izan zer hori!” Hiru ikusi omen zituen atzo, beraz gu ere ez dugu jakingo zer zebilen bertsolariaren buruan.

Gure Euskal Herria txiki hau kontuan izanik gainera, Serbitzu Sarian lehiatzen duten filmen egile eta parte hartzaile asko lagunak dituzte eta horrek egoera bereziak sortarazi ditu. “Estreinaldi baten izan nitzan, hura festa bat zen eta ni nire epaimahaikide akreditazioarekin polizia edo irakaslea ematen nuen, ikasgelan festa amaitzeko sartzen den irakaslea, alegia. Filmak egin dituzten ezagun edota lagunekin elkartzen bazara, zoriondu, epaimahai zarela azaldu eta alde egin. Hori da egokiena” diote barre artean.

Euskal zinemagintzari buruz galdetzerakoan hirurak bat datoz: “Mundu mailan dago zinema krisian, gurean are gehiago. Baina azken urteetan nik ikusi nahi dut mugimendu berri bat, batez ere euskaraz egiten diren filmetan, 13 urtetan zehar egon da nolabaiteko hutsunea, baina azken 6-7 urtean gauza interesgarriak ikusi ditugu. Zaila da, zinemak industria bat eskatzen du bere izateko moduagatik. Baina oso gauza onak egin dira azken urtetan. Zinera askoz jende gutxiago joaten da, hori da arazoa”.

Hirurak mantentzen dute ikus-entzunezkoarekin erlazioa, Maruk duela gutxi estreinatu du Zinemira sailean dagoen Camera Obscura, eta hainbat zinemalditan egoteaz gain, jendearen aldetik erantzun polita jasotzen ari da. Gaur egun, dokumental baten eta fikziozko bere bigarren film luzearen gidoiak idazten ari da. Katixak abenduan amaituko du Mad Men telesailaren ikerketa eta datorren urtean beka berriztu ezkero azken hamarkadan euskaraz egin diren filmak ikertuko ditu audientziaren ikuspegitik. Eta Andoni beti bezala han eta hemen dabil. Orain, Xabier Lizaso pianojotzailearekin ‘Chopin eta Xenpelar’ izeneko emankizuna prestatzen ari da. Xabierrek Chopinen piezak jo eta berak Xenpelarren bertsoak irakurriko ditu.

Baina momentuz hirurona da saria ematearen erantzukizuna, eta hori da duten kezka bakarra, lan hori ondo baino hobeto betetzea.

NORA ASKAGORTA

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea