tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 60. Edizioa 2012  > Zinemaldiaren Egunkaria > «Zinemak galdu dituen ikusleak berreskuratzeko eta berriak erakartzeko lan eskerga egiten dute jaialdiek»
Zinemaldiaren Egunkaria » EPAIMAHAIA - Kutxa-Zuzendari Berriak
«Zinemak galdu dituen ikusleak berreskuratzeko eta berriak erakartzeko lan eskerga egiten dute jaialdiek»
DIANA SÁNCHEZ
Ostirala, 2012(e)ko irailak 28

Torontoko zinemajaialdiko nazioarteko programatzailea da, eta berak ekartzen dizkio publikoari Latin Amerikan, Espainian eta Portugalen eginiko zinema-lanik onenak. Beraz, espainieraz egindako zinemaren erakustaldi zabala eskaintzen duen zinemaldi honetan bere saltsan dago. Haatik, epaimahaiko zereginek nahi beste film ikustea eragotziko diote.

“Horizontes saileko film ia guztiak ikusita dauzkat, horietxek baitira nire programatzaile laneko lehen gaia. Aitzitik, eraikitzeko bidean daudenak, horiek bai interesatzen zaizkit. Baina onartu beharra dut nekez ikusi ahal izango ditudala. Baina tira, aurrerago izango dut lan horiek ikusteko aukera”, aitortzen du etsia hartuta.

Jaiotzez kanadarra izanik, ama kolonbiarra du eta aita, berriz, Extremadurakoa. Seme txiki bat du, Sebastian, eta bigarrenaren esperoan dago. “Torontoko jaialdian duela hamabost urte hasi nintzen lanean eta garai hartan Hollywoodeko zinema besterik ez genuen, harik eta Ramiro Puerta zuzendari kolonbiarrarekin latinoamerikar zinemari bere tartetxoa ematen hasi genitzaion arte. Gauzak asko aldatu dira ordutik hona, eta gaur egun, Latinoamerikan, Espainian eta baita Portugalen eta Brasilen egiten den zinemaren erakusgarri itxurosoa eskaintzen dugu”, azaltzen du, espainolez egindako zinemak azken urteotan izandako gorakada berretsiz.

Sánchezen iritziz, jaialdiek sekulako garrantzia dute lehen edo bigarren filma egin duten zinemagileen lana ezagutarazteko: “Nik uste, kalitatezko zinema eskaintzetik harago, zinemaldiak ezinbestekoak direla zinemaren inguruko xarma giroa berreskuratzeko. Egun, multiareto inpertsonaletan edo etxeko bakardadean ordenagailu zein tabletetan kontsumitzen da zinema gehien bat; eta zinez diot, hori ez dela zinemaz gozatzeko modua. Zinema-jaialdietan, aldiz, ikusleek zuzendariekin, ekoizleekin, aktoreekin, filma egin duten pertsonekin aritzeko aukera daukate. Zinemazaletasuna pizteko ez dago ekintza hoberik”.

Zuzendari berriengan ahots propioa izatea estimatzen du gehien. “Filmak tajuzko gidoia izatea bilatzen dut, baina nire ustez istorioa kontatzeko modua da garrantzitsuena. Filmaren egitura, sortzen duen atmosfera, sekuentzien eraketa, istorioak eskaintzen dizkizun geruza ezberdinetaz ohartzea”.

“Egia esan, ez dakit zeintzuk diren film on baten osagaiak. Senak gidatzen du nire pertzeptzioa. Ahalegin emozional eta intelektual bat eskatzen dizuten filmak gustatzen zaikit. Ez dakit filmaren larrua deitu edo nola adierazi baina, ukigarria den zerbait islatu behar du filmeak. Pelikulak sentitu eta pentsatu arazi behar zaitu. Zinerakoan, nolabaiteko sakonera duen gauza berri bat aurkitu izanaren sentsazio hori izugarri atsegin dut”.

Torontoko jaialdian hirurehun filmetik gora estreinatzen dira urtero, han ez dago lehiaketarik, ez antolatutako merkaturik, izugarrizko genero aniztasuna dago, hori bai. “Latinoamerikar zinema jaialdiaren zati txiki-txiki batera mugatzen bada ere, arestian aipatutako aniztasunak sekulako abantaila ematen digu programatzaileoi, ze filmen aukeraketa ez dugu zertan lehiaketari edo zinemakritikariei begira egin beharrik. Gure eginkizun nagusia zinearetoetara ahalik eta ikusle berri gehiago erakartzea da. Esate baterako, autoreei eta zinema esperimentalenari eskainitako Wavelengths bezalako sailekin”. Horrezaz gainera, Rotterdameko zinema-jaialdiko programazio aholkularia eta Miamiko nazioarteko zinema-jaialdiko programazio-aholkulari burua da, eta bestelako zinema-jaialdietan eta aurkezpenetan ere parte hartu du. Duela gutxi Panamako nazioarteko zinema-jaialdiko zuzendari artistiko izendatu dute. Jaialdia berria da, eta 2012ko apirilean arrakasta handiz egin zuten lehenengo edizioa.

Emakume honek ez du lasaiturik hartzen, eta orain haurdun dagoela gainera, tientoz eta emeki-emeki sukaldatzen dituen dilista platerkada horietako bat gustura jango lukeela aitortu digu, agurtzerakoan masailetan muxu bana eman aurretik.

S.B.

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea