Zaid Doueiri (West Beirut, Lila dit ça) zuzendari libanoarraren hirugarren filma Yasmina Khadra idazlearen nazioarteko best-sellerraren egokitzapena da. Aipatutako liburua Frantzian argitaratu zen 2006an, eta berrogei hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli dute. Jatorri palestinarreko kirurgialari israeldar baten emazteak atentatu suizida bat egin eta hemeretzi lagun hilko ditu. Poliziak gertatutakoaren jakitun egiten duenean, kirurgialariari sortzen zaion dilema morala izango du ardatz filmak.
Libanon jaio zen, 1963an, eta bertan bizi izan zen gerra zibila hasi arte; 18 urte zituen orduan. Zinema ikasi zuen AEBetan, eta zenbait film labur egin zituen bertan, 8 eta 16 mm-tan. Horretaz gain, Quentin Tarantinoren lehen kamera-laguntzaile ere izan zen. 1998an zuzendu zuen lehenengo film luzea, West Beirut (bere bizitzan oinarriturikoa), eta harekin François Chalais saria eta Arabiar Kritikaren saria irabazi zituen urte horretako Canneseko jaialdian. The Attack da bere hirugarren film luzea; Lila dit ça (2004), izan zen bigarrena.