Donostiako Zinemaldiak Zipi Zape eta kaniken kluba, Doraemon eta Nobita Holmes etorkizuneko museo harrigarrian filmen estreinaldia eta haurrentzako bereziki pentsaturiko beste film batzuen proiekzioa aurkeztuko ditu, guztiak euskarara bikoiztuak: Herensugeak - Haritzaren bihotza, Azti txikia - Azti zalantzatia eta Zarafa.
Hasteko eta behin, garai bateko tebeoetan oinarritutako bi anaia bihurrien abenturak zinemara ekarri dituen Zipi eta Zape eta kaniken kluba filma eskainiko da hilaren 21ean. Oskar Santos zuzendariaren lana euskarara bikoiztua ikus ahal izango da Principe aretoen, edo bestela, erdarazko bertsioan belodromoko pantaila erraldoian.
Egun horretan bertan, Trueba zineman, gure haurren artean ere jarraitzaile mordoa duen Doraemon animazio sortako emanaldi berriaz gozatzeko aukera izango da. Lortuko al dute Doraemonek, Nobitak eta lagunek kaskabiloa berreskuratzea eta hurbileko arrisku batetik babesten laguntzea? Honen guztiaren erantzuna, Doraemon eta Nobita Holmes etorkizuneko museo harrigarrian pelikulan.
Irailaren 27, Principe 10 aretoan, arratsaldeko zazpiretan, bere burua eskujokari, baina ez azti, gisa deskribatzen duen duen Dubidioso haurraren abentura ausartak pantailaratuko ditu Roque Camesellenaren Azti txikia - Azti zalantzatia filmak.
Biharamunean, hilak 28an alegia, leku eta ordu berean, Zarafa filmak, baobab handi baten azpian, agure batek hamar urteko Makiren eta Zarafa jirafa zurtzaren arteko laguntasun apurtezinari buruzko historia kontatuko du.
Ohikoa den moduan, belodromoan haurrentzako saioak ere izango dira goizero, ikastolekin eta ikastetxeekin hitzartutako programaren bitartez. Aurtengo 61. edizio honetan, El corazón del roble (Hererensugeak - Haritzaren bihotza) filma emango dute, euskarara eta gaztelaniara bikoiztua.
S.B.