Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 61. Edizioa 2013  > Zinemaldiaren Egunkaria > Herbehere urrunetan
Zinemaldiaren Egunkaria » ZUZENDARI BERRIAK
Herbehere urrunetan
WOLF
Astelehena, 2013(e)ko irailak 23

“Ni ez al naiz zure semea? Ni ez, ala?”, oihukatu dio Majik aitari, anaia nagusia zendu berria aurrean dutela, familia txikituta inguru arrotz batean, jaioterritik urrun, oso urrun, Herbehere ilun eta bustietan, nor eta Marokoko familia oso bat, Marokoko etxe urruna gauza guztien gainetik atxiki nahi duen Marokoko familia deserriratu bat.

Aitak Maji semeari gaztigatu dio berak bizitza osoa eman duela lanean gau eta egun, lanera bizikletaz egunero herrialde hotz eta busti honetan, zerikusirik ez Maroko eguzkitsu eta lehorrarekin, baina orain lotsatu besterik ez dela egiten semeaz, lotsatu besterik ez, eta erietxearen gela argitsu eta hotzean kexu ozena egin du Majiren eta gainerako senideen aurrean, etsipen betean, kexuka ea zergatik joan den hain zuzen ere seme nagusia eta ez Maji, Jainkoak zergatik eraman duen eraman behar ez zuen hura. “Ni ez naiz zure semea, ala?” oldartu zaio Maji, jakinik erietxe horren gelaren abaildura bere bizitzaren frakasoaren beraren metafora dela, jakinik aurrerantzean jada ez dela salbaziorik izango. Jakinik esaldi hori bera izango duela betiko galbidea.

Hiri handi baten auzo bazterreko bat da eszenatoki nagusia. Kalean ibiltzen ohituta dagoen morroi marokoarraren egunerokoa lotuta dago gizarte zerbitzuetara aldian behin egin beharreko bisitekin, jarrera ona izan duen frogatzeko; lotuta, baita ere, gaueko parranda eta demasekin, edo noizean behingo lapurretekin; edo diru ziztrina ziurtatzen dion lan aspergarriarekin.

Hortik ateratzeko, boxeo elkarte baten atean jo du Majik, eta denak harrituta utzi ditu bere ahalmen fisikoarekin. Baina borrokarako daukan berezko gaitasunak eta dirua erraz egiteko nabarmentzen zaion ahalmenak inguruko mafia turkiarraren arreta erakarriko du, eta hortik aurrera zurrunbilo bortitz, basati eta etorkizunik gabekoan murgilduko da. Eta jada ez da bere geroaren jabe izango.

ALBERTO BARANDIARAN

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones