Zugarramurdiko leizerik handiena 100 m luze, 20 m zabal eta 30 m garai da. Hori ez da ezer belodromoaren neurri itzelekin alderatuta. Leizeen albo batean akelarrea dago, tradizioaren arabera sorginen gaueko bilkurak egiten ziren larrea. Eta bart San Joan egunaren bezpera ez bazen ere, Álex de la Iglesia, Carmen Maura Donostia sariduna, Hugo Silva, Mario Casas eta Las brujas de Zugarramurdi filmeko tropa osoa belodromoko agertokira txalo, oihu eta irrintzi artean igo zirenean hasi zen benetako akelarrea… Pantailaren pareko harmailetan, milaka lagunen artean filmaketan parte hartutako baztanaldeko figurantemultzoa zegoen, baita eszenatokira deitu zuten Fermin Muguruza kantaria, filmean ‘Zugarramurdin Akelarrea’ kantatzen duena. Alex de la Iglesiak gogo biziz jardun zuen bertaratutakoen aurrean: “Kaixo Donostiii!!!!” “Aupa Zugarramurdi!!!!”. “Esker mila egin diguzuen harreragatik. Orain gure film honekin barre batzuk egingo dituzuela agintzean dizuet. Eskerrik asko eta hurrengora arte”, agurtu zen aretoa ilundu, eta leize bihurtuta, filmaren emanaldia hasten zelarik.