tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 61. Edizioa 2013  > Zinemaldiaren Egunkaria > Joka dezagun bada
Zinemaldiaren Egunkaria » ZUZENDARI BERRIAK
Joka dezagun bada
Losejas/The gambler
Asteazkena, 2013(e)ko irailak 25

Baltiko inguruko herrialde batean gaude, eta Baltikoko itsas ertzean hotz egiten du. Lainoa altxatzen da maiz, eta itsas aldekoa sartzen denean, dena ezkutatzen du bere iluntasunarekin, eta orduan hasten da unea non jendeak elkarren beroa behar duen, eguneroko errutinatik atera, emozio pixka bat. Emozioa, batez ere bizipozik gabeko jendearekin lan egitea baldin badute eguneroko eginbeharra: esaterako ur izoztuetara erori den norbait erreskatatzea, edo garabi batera igo den emakume etsia salto egin ez dezan konbentzitzea, edo erdi biluzik eta lurrean etzanda konorterik gabe dagoen neskatila artatzea sadiko batek eszena osoa atetik eta galtzontzilotan eta izu aurpegiaz ikusten duen bitartean, eta gero ahal den guztia egitea neskatilak arnasa berriro har dezan; ahal den guztia, baita ahoz ahoko arnasketa ere bere onera itzul dadin, botaka hasi eta konortea berriro berreskuratu arte.

Zeregin horretan Vincentas onena da. Onenetakoa. Indarra dauka, kemena, gustatzen zaio egiten duena, eta sorospen etxeko lankideek estimatzen dute. Urteko langile onenaren saria eman diote, orkestrak alaitutako ekitaldi bitxian. Baina Vincentasek arazo bat dauka: jokoa gustatzen zaio ikaragarri. Lantokian jokatzen du, hurrengo deiaren zain dauden bitartean; atsedenaldietan jokatzen du, mokaduren bat jaten duten bitartean; jokatzen du baita hildakoa daramatenean ere, bide bazterrean aparkatutako anbulantziaren ondoan. Jokatzen, beti.

Jokoa joko da ordea, ezin da beti irabazi, eta gehienetan galdu egiten da, eta Vincentasek, urteko soroslerik onenak, diru galera handiak pilatu ditu, eta kanpoan daudenek ez diote barkatzen. Larrutik ordaindu behar du zaletasuna.

Eta hala ere ezin utzi du. Eta gero eta zulo arriskugarriagoan sartzen hasi eta hala ere ezin utzi, bizitza bera arriskuan jarri arte. Azkenean, ideia distiratsua izan du sorosleak: sorosle lanarekin lotutako jokoa asmatu du, gaixoak eta zaindariak nahasten dituena. Jokoa ilegala da, bistan da. Jokoa arriskutsua, noski. Baina jokoa da, azken finean. Emozioa dago, intriga, eta irabaziak ziurtatuta daude gainera. Vincentasek bere bizitzaren lema hartu duela ematen du, orain bera dela, azkenean, nagusia.

Alberto Barandiaran

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea