tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 61. Edizioa 2013  > Zinemaldiaren Egunkaria > «Epaimahaikideen lana adi egotea da, ikusle arrunta baino adixeago»
Zinemaldiaren Egunkaria » EPAIMAHAIA
«Epaimahaikideen lana adi egotea da, ikusle arrunta baino adixeago»
Sophie Mirou ze zuzendari berrriak
Ostirala, 2013(e)ko irailak 27

Hamabi hamahiru urte zituela, etxean Jean-Luc Godarden À bout de souffle filma ikusi zuenean piztu zitzaion Sophie Mirouzeri zinearekiko zaletasuna. Hala, ikus-entzunezko ikasketak egin zituen Toulousen, eta, ondoren, zinema Parisen. Zenbait arlotan jardun da; besteak beste ekoizpenean, kudeaketan, atzerriko salmentetan eta zinemarekin loturiko hainbat erakundetan. 2003an La Rochelleko Nazioarteko Zinema Jaialdiko taldera itzuli zen eta koordinatzaile artistiko nahiz programatzaile gisa aritu da bertan 2009az geroztik.

Hori dela eta, iaz etorri zen aurreneko aldiz Donostiara, zinema jaialdi antolatzaile gisa. Zinemaldiari sona eta entzute handia deritzo: “Izen oneko jaialdia da Donostiakoa, munduko garrantzitsuenetakoa, irrikaz espero diren filmez osaturiko lehiaketazko Sail Ofiziala eta zuzendari berrien aukeraketa arras interesgarria biltzen duena”.

La Rochellekoa, aldiz, historian atzerantz begiratzen duen jaialdia da. Mundu osoko 300 film inguru aurkezten ditu urtero, eta 80.000 ikusle baino gehiago biltzen. Beste bi lankiderekin batera, Sophie Mirouze programazio oso eklektiko baten arduradun da: atzera begirakoak, omenaldiak, ahantzitako obren berraurkitzeak, eta fikziozko zein animaziozko film laburrak eta film luze dokumentalak.

Mirouzen esanetan: “Atzera begirako sailak antolatzen berezitu gara. Gaur egungo zenbait film eskaintzen ditugu jakina, baina jaialdiaren bizkarrezurra berreskuratutako zinema-ondareak osatzen du. Zentzu horretan Donostiakoak etorkizunera begira taxutzen du bere programazioa, aurten Oshimarena bezalako atzera begirako bat edo beste eskainzten badu ere.”

Zine jaialdi perfektua

Sophie Mirouzen aburuz: “Zine jaialdi perfektuak atzoko eta gaurko zinemaren arteko topaketa bultzatu beharko luke, zinemaren historian arrastoa utzi duten zuzendarien eta Europako zein nazioarteko egungo zinema bultzatzen duten errealizadore gazteen artekoa. Zinemaren iragana eta oraina uztartzen dituzten zubiak eraiki behar dira”.

Epaimahaikide gazteak ez du honakoa lehen aldia gisako zereginetan, Anapako (Errusia) Kinoshock zinema-jaialdiko epaimahaiko kide izan baitzen 2004an, eta Las Palmaseko Nazioarteko Zinema Jaialdikoa 2011n. “Zinemagile berri batengan unibertso propioa izan dezan espero dut, berezko ikuspegi bat. Begirada propioa izanik, aldi berean ikuspegi unibertsala azaltzen dakiena. Etorkizunean zerbait garrantzitsua egin dezakenaren arrastoak uzten dituena. Bere obsesioak zinemaren bidez adierazten dakiena”, hori eskatzen dio Mirouzek edozein zinemagile berriri.

Horrezaz gain, egile berrien inguruko atal honetatik gehien interesatzen zaiona filmen jatorri- aniztasuna da: “Costa Rica, Islandia edo Korea eta beste hainbat herrialdetako lanak jaialdi bakar batean ikusi ahal izateak txoratuta nauka. Zeren eta kontatzen dituzten historiak nahiz jorratzen dituzten gaiak antzekoak izaki, zuzendari bakoitzak gauza bera kontatzeko eta irudikatzeko modu desberdina baitu”, dio frantziar programatzaileak.

Gogoeta eginez

Mirouzen hitzetan zinemak “hala intelektualki nola emozionalki” limurtu egin behar zaitu. “Nik uste pelikula asko eta oso desberdinak ikustea ohituta gauden profesionalak ere hunkitzen gaituzten filmak aurkitzea maite dugula, ezustean seduzitzen gaituztenak. Epaimahaikideen lana adi egotea da, ikusle arrunta baino adiaxego; gidoiaren alderdiei, edo pertsonaien eboluzioari, edo filma nola garatzen den eta dena delakoari erreparatuz. Era batera zein bestera, emozioak funtsezkoak dira zinean, baina emozio horien atzean hausnarketa bat egon behar du”, gogoeta egin du epaimahaikideak.

Bere zeregina zuzendari berrien ataleko filmeak ikustea izanda ere, hirian zehar paseoan ibiltzea gustatuko litzaioke Sophieri; eta bere zinemazaletasunari jarraiki, “beste sailetako zenbait pelikula ere ikusi”. Tira, zinemak txoratuta dauka neska jator hau.

SERGIO BASURKO

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea