Bere azken filmean, Pedro Almodóvar zuzendariak Mexiko Hirira doan hegazkin batean arrisku-egoera bat biziko duen pertsona talde nabarra aurkeztuko digu. Arriskuaren aurrean sentitzen duten babesgabetasunak katarsi orokorra ekarriko du, eta hori izango da, bukaeran, heriotzaren ideiari ihes egiteko modurik onena. Neurrigabeko komedia moral gisa garaturiko katarsi horrek ustekabeko aitorpenez beteko du denbora, eta horri esker, bidaiariek beren estutasuna ahaztu eta arriskurik handienari aurre egin ahalko diote; bakoitzak barruan daramanari, alegia.