Euskal Herriko musikaren eszenan ahots pertsonal eta berezirik bada, Anarirena da horietako bat, duda izpirik gabe.
Anari Alberdi Azkoitian jaio zen, 1970ean. Oso gaztetatik hainbat talde eta proiektutan jarduna, bakarlari moduan bere lehen pausoa Anari diskoarekin eman zuen, 1996an. Ondoren etorri ziren Habiak, Zebra eta oraingoz bere azken lana den Irla izan diskoa.
Hasieratik jaso zuen zale eta kritikaren beroa, eta hainbeste urtetan han eta hemen dabil kontzertuak ematen.
Bere bidean, beste hainbat talde, musikari eta idazlerekin ere egin du lan; hala nola, Fermin Muguruza, Lisabo, Ruper Ordorika, Petti edo Inoren Ero Ni taldeekin, edota, besteak beste, Bernardo Atxaga eta Iñigo Aranbarri idazleekin.
Bestalde, eta musikaren munduarekin oso estuki lotuta betiere, Bidehuts kolektiboko partaide eta sortzaile ere bada. Lisabo eta Inoren Ero Ni taldekideekin batera, egun Euskal Herrian erreferentzia den sorkuntza eta ekoizpen proiektu interesgarri horretan buru-belarri dabil azkoitiarra.