Slava Fetisov hockey jokalari ohiari elkarrizketa luze eta oso aberats bat egiten dioten bitartean, 70eko hamarkadaren bigarren erdialdean Fetisov bera kapitain izan zuen orduko Sobietar Batasuneko Red Army hockey selekzioaren “boskote magikoaren” istorioa sakonki ezagutuko dugu. Lehen pertsonan, gaur arte inoiz kaleratu ez diren adierazpen harrigarri pila, tartean.
Taldearen sortze eta hasierak; 1978an Kanadan arrakasta izan eta ondoren EABeko selekzioari irabazita une gorenera iritsi zireneko garaia, Fetisovek ezin harroago eta ekidin ez dezakeen irribarre bihurri batez bereziki gogoratzen duena, eta ondorengo gainbehera, jokalari ohiak berak oso serio, haserre, minduta, ia negarrez kontatzen duena.
Fetisovek dioenez, Red Army kirol talde bat baino gehiago zen. Euren jokoa pentsamolde bat zen, bere herrialdearen kulturaren islada. Izan ere, taldearen izaera ezin litzateke ulertu Sobietar Batasunaren eta egungo Errusiaren testuinguru politikoa ulertu gabe. Red Army taldea, Stalinek agintari zelarik sortua, erregimenaren kontrolpean bizi izan zen, eta hori gutxi bazen, abertzaletasun eta propaganda bultzatzeko erabilia izan zen. Urte batzuk geroago, beti ere jokalariak panpinen modura erabiltzen jarraituz, Perestroikaren ondorengo aldaketek erabakiko zuten boskote mitikoaren patua.
Dokumental ausart eta interesgarri honek Armada Gorriko boskoteak bere agerraldi garrantzitsuenetan eskainitako hockey-partida zati pila berreskuratzen ditu. Horiek eta artxiboko beste irudi esanguratsuak erakusten dituen bitartean, Fetisovek ezezik bere taldekide, entrenatzaile eta ingurukoek euren ikuspuntua azalduko digute. Beldurrik gabe, batzuetan nostalgiaz eta amorruz bestetan. A.M.