Gianni Amelio arrakastatsuak (Lamerica, 1994) fikzioa alde batera utzi eta homosexualitateari buruzko dokumental antropologiko interesgarri bat filmatu du, oraingoan. Arina eta ezberdina.
Eskualde ezberdinetako 20 homosexualei egindako elkarrizketen bitartez -nagusiki gizonezkoengan jartzen du arreta- Italian azken 60 urteetan homosexualek euren baldintza sozialki, familiarki eta pertsonalki nola bizi izan duten erakusten du. Erlijio katolikoaren ezinbesteko eraginez jasandako zigorra, arbuioak, isolamendua, bazterketa eta bortizkeria bidegabea, iraganeko kontuak dira haien hitzetan. Orain berriz, mamuak atzean utzi eta gizartearen onespena jaso ondoren, homosexual zoriontsuak bezala ageri dira. Ezberdinak bai, baina zoriontsuak.
Eta nola eskertzen diogun Ameliori horiengandik lortu duen mezu baikorra, hau da elkarrizketatuen aitorpen gogor eta mingarrien gainetik euren baldintzarekin zein ziur eta pozik ageri diren erakutsi izana.
Elkarrizketok argazkiekin apaintzen ditu. Artxiboko irudi pila, telebista saio eta filmetatik hartutako zatiak, eta tartean, besteak beste, bere erahilketagatik homosexualen askatasunaren ikur bilakatu zen Pasolini zinemagileari atal bat eskaintzen dio. A.M.