62. Donostia Zinemaldian industriako jarduera asko egingo dira. Horiek guztiak Agenda Profesionalean zehaztuta daude eta Zinemaldiaren webgunean unean-unean eguneratuko dira. Industriako akreditatuek egunero jasoko duten News Flashean ere agertuko dira eguneratzeak.
Donostia nazioarteko industriaren topagunea izango da Zinemaldi osoan, eta bereziki hilaren 22, 23 eta 24an, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa eta Zinema Eraikitzen izango diren egunetan.
Profesionalen arteko bilerak eta topaketak, aurkezpenak, prentsaurrekoak, mahai-inguruak eta ekitaldiak programatuko dira. Horiek guztiek profesionalen arteko harremanak egitea, pelikulak salerostea eta esperientziak partekatzea ahalbidetuko dute.