Dokumental filosofikoa eta etologikoa. La Fura dels Baus, Mugaritz astintzen duten motorrak destilatzen, platerak sorrarazten dituen ideiak ematen; zer da taldearentzat bikaintasuna eta arrakasta lortzea, nola sufritzen eta gozatzen da... Finean, nola sortzen eta eraisten da Mugaritz etengabe. Nabarmentzekoa da arriskuaren etengabetasuna, horrexegatik filmaren izena; baina nabarmentzekoa, halaber, Mugaritzen izan diren eta izango diren profesionalen ahalegina eta lana. Mugaritzen, sukaldaritzaren helburua gainditu dute sorkuntza-prozesuak eta haren aldagai posibleek.
Pep Gatell La Fura dels Baus antzerki talde katalan entzutetsuaren sei zuzendari artistikoetako bat da, 1980tik hona. 2012an, Donostia Zinemaldiko Culinary Zinema sailari hasiera eman zion, Mugaritz jatetxeko plater batean oinarrituriko film labur batekin: Macaron de caza. 2013ko Berlinalen, berriro ere Mugaritz protagonista zuela, Taba film laburra aurkeztu zuen; “mahaian ez da jolastu behar” ideia apurtzeko jatetxeak eginiko proposamen bat du oinarri filmak.