Iazko Zuzendari Berri sarituak Grozeva eta Valchanov bulgariarrak (Urok / The Lesson, 2014) izan ondoren, beste zuzendari berri baten lehen luzea iritsi zaigu Bulgariatik. Hau da Svetla Tsotsorkova gaztearen Jajda edo “Egarria”.
Izatez aktorea ere baden Tsotsorkovak nazioarteko mailan saritutako bere Life With Sofia film laburreko antzezle protagonistak deitu ditu berriro: Svetla Yancheva eta Yvaylo Hristov. Bikoteak hiritik urrun dagoen muino batean seme gaztetxoarekin bizi diren senaremaztea antzezten du.
Ez dira betiko garai onenak sendi xume honentzat, maldan gora ez baita ura erraz iristen eta urik gabe ezin aurrera egin. Izan ere, hiriko hotel batzuetako izarak garbitzetik ateratakoa da etxe horretan sartzen den diru bakarra. Gutxien espero dutenean aita-alaba misteriotsu batzuk agertuko zaizkie, etxeko baratza ondoan ur putzu bat dagoela esanez. Hartarako, zulo bat egin beharko dute lurrean.
Elkarrizketa gutxiko drama honek egungo krisi-egoeraren eraginaz, inkomunikazioaz, eta bereziki oinarrizko behar batez hitz egiten du: uraren beharraz. Zahoriaren rolean Monika Naydenova hasiberria topatuko dugu. Adi bere begiradari, begi horiek ez dira eta nolanahikoak.
A.M.