New Yorken hasi eta munduko beste hiri erraldoi batzuetara bidaiatuz, Mosku, Porto, Istanbul, San Petersburgo eta Sharjahko Emirerria tartean, hamabost ataletan banatutako saiakera dokumental berezia filmatu du jatorri afganiarreko Jem Cohen (Museum Hours, 2012) zinemagile- artistak.
Hain zuzen kamera tinko bat hiri horietako edozein bazterretan ipiniz, erakusleihoen isladen edota itzalen bitartez ezohiko ikuspuntuak aukeratuta, bizitza puskak erakusten ditu. Horixe, hirietako bizitza, kaleko piztiak, animalia nahiz pertsona, kameraren aurretik pasatzen diren bitartean. Besteak beste katuek presentzia nabarmena dute film osoan zehar.
Musikak ezinbesteko garrantzia du erabat askea den saiakera poetiko bitxi eta ausart honetan. Soinu bandan parte hartu duten musikarien artean, Dirty Three, The Evens eta XylourisWhite ospetsuak daude.
Hain juxtu, Cohenek azken horien zuzeneko kontzertu bat erantsi dio zinta honi. Eta zuzendariaren ibilbideak musikarekin lotura handia duenez, deigarria bai baina ez da hain harritzekoa Patti Smith musikariaren partaidetza ekoizpenean. Berez, Smith bera Cohenen aurreko Museum Hours-en ekoizleetako bat da.
ANE MUÑOZ