tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 64. Edizioa 2016  > Berriak > 'Ikusmira Berriak' programaren deialdi berria abian da, ikus-entzunezko proiektuak sustatzeko erakunde-arteko egitasmoa
'Ikusmira Berriak' programaren deialdi berria abian da, ikus-entzunezko proiektuak sustatzeko erakunde-arteko egitasmoa
Ostirala, 2016(e)ko otsailak 5

IKUSMIRA BERRIAK, berrikuntzan eta esperimentazioan – lengoaia zinematografikoan edo ekoizpen moduetan - diharduten ikus-entzunezko lanei laguntza emateko ekimena da. Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Donostia Zinemaldiak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak elkarrekin antolatzen duten proiektua da hau. Bai Donostia Kultura bai Euskadiko Filmategia Fundazioaren kolaborazioa du.

IKUSMIRA BERRIAK talentu berriari zuzentzen zaio, baita ekoizpen-etxeei eta ikus-entzunezkoaren industriei ere. Era berean, lurraldeko testuinguru sortzailea eta ekoizlea dinamizatzea nahi du programak, zine/ikus-entzunezko garaikidearen ezagutza eta nazioartekotzea sustatzeko plataforma bat berma dadin.

IKUSMIRA BERRIAK lurraldean errotuta dauden nazio zein nazioarte mailako hiru jaialdi eta ekimenei lotua jarraitzen du: Kimuak, film laburren hautaketa, Laboren urteroko emanaldiak (Clermont-Ferrand Zinemaldiko film labur esperimentalen saila) eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa (EIECINE), urtero Zinemaldiaren baitan izaten dena.

IKUSMIRA BERRIAK programak gaur bertan, otsailaren 5ean, abian jarri du ikus-entzunezko proiektuak garatzeko egonaldien bigarren deialdi hau. Apirilaren 1era arte egongo da zabalik.

Hiru ardatzen inguruan antolatuta dago: trebakuntza, ekoizpena eta erakusketa. Horrela, sormen garapenerako espazioa, testuingurua eta denbora baliatuko ditu IKUSMIRA BERRIAK programak. Hala nola, ekoizpenari hasiera emateko eta proiektuen postprodukziorako laguntza emango du ere bai (sari gisa).

Sortzaileek 6 aste izango dituzte Tabakalerako espazioetan euren proiektuak landu ahal izateko, eta Donostiako Zinemaldira hurbiltzen den bertako zein nazioarteko industriari luzatutako aurkezpenarekin emango zaie amaiera egonaldi hauei (datu bezala, 1.496 lagun izan ziren 2015eko Industry Club-ean izena eman zutenak) .

LAU EGONALDI LAU PROIEKTURENTZAT

IKUSMIRA BERRIAK-ek lau egonaldi eskainiko ditu, horietatik hiru lurraldean errotutako ekimenei lotuak, eta laugarren bat bertako zinegileei zuzendua.

  1. XIV Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako zinegileak (EIECINE).
    Urtero antolatzen du topaketa hau Donostia Zinemaldiak, Tabakalerarekin elkarlanean eta DSS2016EUren laguntzarekin. Lanen hautaketa bat egin eta gero, topaketak munduko zine eskola ezberdinetako ikasleak elkartzen ditu. Euren proiektuak erakusten dituzte bertan, eta industriako profesionalekin solasaldi eta ikastaroetan parte hartzen dute.
  2. 2. Kimuak 2015.
    Kimuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez film laburren promozio eta hedapenerako sortutako programa da, Euskadiko Filmategiak kudeatzen duena. Euskadin egindako film laburren urteroko hautaketa hau nazioarteko zinemaldi eta ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetan lehiatzen da.
  3. 3. 38. Clermont-Ferrand Film laburren zinemaldiko Labo Saileko partaideak.
    Film laburren jaialdien artean munduko garrantzitsuenetakoa da. Labo sailean lanik berritzaileenak -errepresentazio mailan, narrazio moduetan edota esperimentazio estetikoan bide berriak jorratzen dituztenak- batzen dira. Azken zortzi urteotan, Clermont-Ferrand Zinemaldiaren, Donostia Kulturaren eta Tabakaleraren arteko lankidetzaren ondorioz, Labon hautatutako lanak Donostian proiektatzen dira, Kimuak-eko lanekin batera.
  4. 4. Euskal Autonomia Erkidekogo (EAE) zinegileak.
    Deialdi irekian parte hartzen duten zinegileek EAEn erroldatuta egon behar dute, gutxienez oinarri hauen argitarapena baino urtebete lehenagotik, edo ziurtatu EAEn bizi izan direla modu jarraian gutxienez 5 urtez, edo etenaldiak eginda gutxienez 10 urtez.

Izen-ematea otsailaren 5etik apirilaren 1era arte egongo da zabalik www.ikusmiraberriak.eu webgunean.

Oinarrizko informazioa euskaraz edo gaztelaniaz, eta ingelesez bidali beharko da. Gainontzeko informazioa, aldiz, euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez bidal daiteke.

Jasotako dokumentazioaren arabera, aditu batzorde batek egingo du lehendabiziko hautaketa, behin izen-emate epea amaitzen denean.

Bigarren fasean, IKUSMIRA BERRIAK programako zuzendaritzak behin betiko proposamenak aukeratuko ditu, horretarako elkarrizketa bat eskatzea posible izango duelarik (aurrez aurre edo interneten bidez).

Maiatzaren erdialdera ezagutzera emango dira hautatutako proiektuak, eta behin baldintzak konfirmatuta, beraien berri emango da.

Batzordearen erabakia apelaezina izango da. Halaber, honen baitan dago modalitateren bat bete gabe uztea, edota talderen batean aurreikusitakoak baino egonaldi gehiago onartzea.

PROGRAMAREN GARAPENA

Bigarren deialdi honetan hautatutako zinegileek egonaldi programari ekingo diote 2016eko abuztuaren 15ean, eta irailaren 25ean bukatuko dute. Lau astez proiektua garatzen egongo dira egoiliarrak, eta tutoretza nahiz klase magistral ezberdinetan parte hartuko dute ere bai.

Egonaldiaren bosgarren astean, Donostiako Zinemaldiko industria sailean aurkezteko pitching-a landuko dute.

Zinemaldia bukatu bitartean (egonaldiaren seigarren astean), bere jarduera guztietan profesional gisa parte hartzeko aukera izango dute sortzaileek, EIECINE-n programatutako klase magistraletan sartzeko eta topaketa profesionalen partaide izateko aukera izanez.

Era berean, aste hauetan zehar, Tabakalerako ekintzetan sarrera librea izango dute zinemagileek, eta euren lana erreferentzia zinematografiko ezberdinekin lotzen duen “gutun zuria” aurkezteko aukera emango zaie.

Egonaldietan dauden zinegileek lanerako Tabakalerako azpiegiturak erabiliko dituzte. Kultur proiektu propioaz gain, eraikinean beste zenbait ekimen eta erakundek ere dute egoitza, hala nola Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldiak, Etxepare Euskal Institutuak eta Kutxa Fundazioak. Guztiek kultur-ekosistema berri bat osatzen dute, sortzaile sarea indartzen duena eta eragile ezberdinen eta hiritarren artean elkarlan eta harremanerako gunea bihurtu dena.

Trebakuntza eta ekoizpen faseen ostean, IKUSMIRA BERRIAK programaren asmoa garatutako lanen ezagutzan laguntzea ere bada. Horrela, Donostia Zinemaldiak bere programazioan txertatuko ditu lanok, eta konpromisoa hartzen du sail nagusietako hautaketetan ere haintzat hartzeko. Era berean, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak ere konpromisoa hartzen du berariazko testuinguru batean lanak proiektatzeko.

Maialen Franco
Koordinatzailea | Coordinadora
T. 943 48 33 21
E. ikusmira@ikusmiraberriak.eu
www.ikusmiraberriak.eu

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea