tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 64. Edizioa 2016  > Berriak > Savage Cinemak bere aukera heterogeneoena eskainiko du laugarren edizioan
Savage Cinemak bere aukera heterogeneoena eskainiko du laugarren edizioan
Gipuzkoako surfaren hastapenak, Travis Rice snowboarderra, 60ko hamarkadako psikodelia eta Bunker Spreckels-en esperotako istorioa izango dira programatutako saileko protagonistak
Ostirala, 2016(e)ko abuztuaren 12

Savage Cinema abenturako eta kiroleko zinema erakusten duen lehiaketaz kanpoko saila da. Red Bull Media House-ren lankidetzarekin sortua, zikloaren asmoa –alegia, genero eta gai desberdinetako filmak erakustea– agerian uzten duten bost film aurkeztuko ditu laugarren edizioan.

The Fourth Phase filmak berriz ere Belodromora ekarriko ditu Travis Rice eta haren lantaldea. 2012an hortxe egin zuten The Art of Flight 3D filmaren mundu-estreinaldia, Savage Cinemaren ernamuina izan zen saio berezi batean. Akzio, historia eta teknika artistikoki uztartuz, filmak 25.000 kilometroko bidaia batean jarraituko dio Riceri, Ipar Pazifikoaren inguruan, orain artean esploratu gabeko lurraldeak aurkituz.

Zinemaldian, orobat, Bunker 77 filmaren mundu estreinaldia egingo da. Bunker Spreckels Clark Gableren semeorde milioidunak, bere legatua betikotu nahian, Craig Stecyk (Dogtown & Z-Boys dokumentalaren gidoilaria eta Kaliforniako surf eta skate kulturaren funtsezko kronikaria) eta Art Brewer argazkilaria kontratatu zituen bere bizitzaren erretratua egin zezaten. Haren heriotzak, 27 urte zituenean, proiektua zapuztu zuen. Takuji Masudak, materialari berriz helduta, filmeko bizitza horri buruzko kontakizuna egituratu du; hain zuzen, Taschen argitaletxeak 2007an argitaratutako liburu batean jaso zuen.

Zinemaldiak berean hartuko du Patrick Trefz-en Surfers’ Blood filmaren mundu-estreinaldia ere. Surfaren historia garaikidean gako izandako lau sortzaileren kontakizunen fusioa da. Horietako bat Patxi Oliden da, 93 urteko oriotarra, asmatzailea eta musikaria. Beste inor baino lehenago hasi zen surf-taula merkeak egiten, herriko gazteek surf egin ahal izateko; hain justu 70eko hamarkadan, kirol hura atzerritarrek soilik praktikatzen zutenean. Thomas Meyerhoffer, Richard Kenvin eta Darryl “Flea” Virostkoren hiru lekukotzek osatzen dute filma.

Orange Sunshine filmaren Europako estreinaldiak, SXSW jaialdian (Austin, Texas) izan ondoren, argi erakusten du zein den sailaren interesa: ematen diren filmetan, historiaren testuinguru sozialaren osagai bat izan dadila kirola. William A. Kirkley-ren dokumental bat da, ikasle hippy (eta surflari) batzuen ibilbide bitxia kontatzen duena. Beren erlijioa sortu zuten, mundua LSDaren kontsumo eta trafikoaren bitartez aldatu nahian. Ameriketako gizartearen kontsumismoarekin eta bizimoduarekin kritikoa zen kontrakultura baten adierazgarri, munduko azido- eta haxix-banatzaile nagusiak bilakatu ziren 60ko eta 70eko hamarkaden artean.

Let’s Be Frank Peter Hamblin zuzendariaren bilaketa erreal nahiz irudizkoari buruzko film bat da: Frank James Solomon olatu handiko surflari hegoafrikarrarena. Hamblin zuzendari berria da eta zinemaren eta publizitatearen berezko baliabideak darabiltza; hala, freskotasuna ekartzen dio surf-film original honi. John Florence eta Jamie O’Brienek ere parte hartzen dute.

 

Bunker77
Takuji Masuda  (Suitza)

Bunker77 estatubatuar gazte errebelde baten istorio basati eta egiazkoa da; mundu kaotiko batean, askatasuna, amodioa eta benetakotasuna bilatu zituen. Filmak Clark Gable-ren semeordearen bizitza irudikatzen du. Bunker Spreckles azukregintzari lotutako aberastasun handi baten oinordekoa izan zen, baita surfeko izar polemiko bat ere, 60ko hamarkada amaieran eta 70eko hamarkada hasieran: kirol horren mugak zabaldu zituen bere taula motzekin Hawaiiko olatu zailenetan; garai hartako skateboardeko mito baten, Tony Alvaren, mentore izan zen hura munduko txapeldun izateko bidean zela, eta Kennet Angerrekin elkarlanean aritu zen, harik eta 1997an, 27 urte zituela, bere bizitza txundigarria  bat-batean amaitu zen arte.


© Toby Goodyear
Let's Be Frank
Peter Hamblin  (Erresuma Batua)

Let's Be Frank erraietako bidaia bat da, Frank James Solomon olatu handien surflariaren mundu ezezagunera. Kontinentearteko ikerketa klandestino batek, mitoaren, kondairaren eta errealitatearen arteko mugak lausotu, eta galdera hau luzatuko dio ikusleari... Nor da Frank?


Orange Sunshine
William A. Kirkley  (AEB)

Betiereko Maitasunaren Ermandadearen istorioa, inoiz kontatu gabea. Kaliforniako hegoaldeko surflari hippyen talde espiritual gisa hasi, eta droga psikodelikoen munduko banatzailerik inportanteenak bihurtu ziren 60ko edo 70eko hamarkadetan. Bidegabekeria sozialaren aurka borroka egiteko eta bakea hedatzeko beren ametsekin bat eginez, idealista burujabeen talde honek droga-trafikoaren inperio bat sortu zuten berehala. Ermandadearen buru eta istorio honen muinean, mundua LSDaren bitartez aldarazi nahi izan zuen bikote antikapitalista bat dago.


Surfers' Blood
Patrick Trefz  (AEB)

Surfers' Blood filmak itsasoan erro sakonak dituen sendi bereko zenbait pertsonaren istorioa kontatzen du. Hasi euskal kostaldeko antzinako arrantzaren mundu zaharretik, arraun eta surf-taulen egile Patxi Olidenen bitartez, eta San Franciscoko metropoli modernoraino, Apple-ko diseinatzaile Thomas Meyerhoffer ezagunaren ordenagailuen forma bitxiekin. Hasi Sonoma Valleyko arte-museo batetik, non surf-taula hidrodinamikoak erakusten baitira Richard Kenvin komisario abangoardistaren eskutik, eta hirutan Mavericks-eko olatu handien txapeldun izandako Darryl "Flea" Virostkok bere metanfetamina-mendekotasun ia hilgarria gainditzeko egindako ahalegineraino, horrek berekin ekarritako galera ezti-mingotsa barne.


© Scott Serfas. Red Bull Content Pool
The Fourth Phase
Jon Klaczkiewicz  (AEB )

"The Art of Flight"-en sortzaileek, Red Bull Media House-k eta Brain Farm-ek, The Fourth Phase aurkezten dute, Travis Rice protagonista duen snowboard-film epikoa. Wyomingen dabilela, bere sorterriko txoko ezkutuak esploratzen, Ricek 25.000 kilometroko bidaia bat prestatuko du, Ipar Pazifikoko ur-zikloei jarraitzeko asmoz; han, elurrak eta izotzak ametsezko paisaiak eratzen dituzte mendi gailur itzeletan. Japoniako Alpeetara, Errusiako sumendietara eta Alaskako inguru ikusgarri eta urrun batera eramango duen bidaia horretan, sormen handieneko snowboarderrak elkartuko zaizkio: Mark Landvik, Eric Jackson, Bryan Iguchi, Pat Moore, Mikkel Bang, Jeremy Jones, Victor de Le Rue eta Ben Ferguson. Bizitzak eta natura-inguruneek eskaintzen dituzten abentura-aukera infinituek liluratutako edonorentzat egokia den filma.

Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea