Daniel Blake-k, 59 urteko arotz ingeles batek, bihotzeko arazoak ditu, eta bere bizitzan lehenengoz gizarte-laguntzak eskatzeko premian ikusiko du bere burua. Medikuak lan egitea debekatu dio, baina administrazioak lanpostu bat topatzera behartzen du, isuna jasoko ez badu. Enplegu-bulegoetarako bere joan-etorrietan, Danielek Katie ezagutuko du, bi umeren ama ezkongabea. Katiek bere hiritik 450 km-ra dagoen etxebizitza bati baiezkoa eman behar izan zion, harrera-etxe batera eraman ez zezaten. Britainia Handiko zentzugabekeria administratiboen mordoiloan preso, Daniel eta Katie elkarri laguntzen saiatuko dira.
Ken Loach Canneseko zinema-jaialdiko Urrezko Palmorria bi aldiz irabazi duten zuzendari bakanetako bat da. 2006an irabazi zuen lehen aldiz, The Wind That Shakes the Barley filmarekin, eta 2016an berriro, I, Daniel Blake filmarekin. Haren lanak errealismo sozialagatik nabarmentzen dira. Hona hemen azpimarratzeko moduko zenbait: Hidden Agenda (1990), Riff-Raff (1991), Raining Stones (1992), Ladybird Ladybird (1994), Land and Freedom (1995), My Name Is Joe (1998), Sweet Sixteen (2002), Looking for Eric (2009) eta The Angels' Share, Epaimahaiaren saria Cannesen 2012an.