Lampedusako irla Italiako hego-muturrean dago. 1990etik hona Afrikako lurretatik datozen etorkin ilegalen lurreratze-gune masibo bihurtu da. 20 urtean baino apur bat gehiagoan, 20.000tik gora pertsona ito dira, gerratik eta gosetik ihes egiteko aukera bila, askorentzat Europarako sarbide den puntu horretara iristeko ibilaldian. Samuele irlan bizi da; 12 urte ditu, eskolara doa eta habailaz harriak botatzea eta ehizan joatea du gustoko. Lehorrean egitekoak diren jolasak maite ditu, nahiz eta inguruko guztiek itsasoari buruz hitz egin, eta haraino iristeko itsasoa gurutzatzen saiatzen diren gizon, emakume eta haurrei buruz.
Indiara eginiko bidaia baten ostean, Gianfranco Rosik (Asmara, Eritrea, 1964) bere lehen dokumentala ekoitzi eta zuzendu zuen, Boatman (1993), eta zenbait jaialditan aurkeztu, hala nola Sundancen, Locarnon edo Toronton. 2008an, Below Sea Level lanak Horizontes saria irabazi zuen Veneziako zinema-jaialdian, beste zenbait sariren artean. 2010ean El Sicario - Room 164 zuzendu zuen. Lan harekin FIPRESCI saria irabazi zuen Venezian, eta urteko dokumental oonenaren Doc/It saria. 2013an, Sacro GRA dokumentala egin zuen, Urrezko Lehoiaren irabazlea Venezian. Fuoccoamare lanak Urrezko Hartza irabazi du aurtengo Berlinalen.