Alemaniako herri txiki bat, I. Mundu Gerraren ondoren. Anna egunero doa kanposantura bere mutil-lagun Frantz-en heriotza deitoratzera. Hura Frantzian hil zen, bataila batean. Egun batean Adrienekin topo egingo du: Frantzen hilobira loreak uztera joandako frantses gazte bat. Adrien gerra galdu berri duen herrialde batean egoteak aurkako amorruak piztuko ditu.
François Ozonek Urrezko Maskorra eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zituen 2012ko Donostia Zinemaldian Dans la maison filmarekin. Filmografia zabala eta saritua dauka, eta horren barruan lan hauek daude: Sous le sable (2000; Donostian Sail Ofizialean lehiatu zen), 8 femmes (2002), Swimming Pool (2003), Angel (2007), Le refuge (2009; Donostian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen), Potiche (2010), Jeune et jolie (2013; Donostia Zinemaldiko TVE-Beste Begirada sariaren irabazlea) eta Une nouvelle amie (2014; Zinemaldiko Sail Ofizialera itzuli zen film honekin).