Madril, 2011ko uda. Krisi ekonomikoa, 15-M mugimendua eta milioi eta erdi erromes, Aita Santuaren zain. Inoizko Madrilik bero eta kaotikoenean. Testuinguru horretan, Velarde eta Alfaro inspektoreek ustezko serieko hiltzaile bat aurkitu behar dute. Erloju kontrako ehiza horrek sekula bururatu ez zaien zerbait ikusaraziko die: haiek biak ere ez dira hiltzailearengandik uste bezainbeste desberdintzen.
Rodrigo Sorogoyenek Madrileko Erkidegoko Zinema eta Ikus-entzunekoen Eskolan (ECAM) ikasi zuen, eta telesailetako gidoilari gisa abiarazi zuen bere karrera. 25 urterekin 8 citas zuzendu zuen, bere lehen film luzea, Peris Romanorekin batera. Haren hurrengo filma Stockholm (2013) izan zen. Crowfunding bidez finantzatu zen eta hainbat sari irabazi zituen: hiru sari Málagako zinema-jaialdian, Idazle Zinematografikoen Zirkuluaren hiru domina, Feroz sari bat (film onena) eta Goya bat (gizonezko aktore berri onena).