Egun osoa parrandatik parrandara pasatzen duen neska batek (Anne Hathaway) aurkikuntza harrigarri bat egingo du: lotura misteriotsu bat du planetaren beste muturrean kaosa sorrarazten ari den munstro ikaragarri handi batekin.
Nacho Vigalondo gidoilaria eta zuzendaria 7:35 de la mañana film laburrarekin (2003) egin zen ezagun, lan hori film labur onenaren Oscar sarietarako eta Europako zinema-sarietarako aukeratu zutenean. Bere lehendabiziko film luzea Los cronocrímenes (2007) izan zen, eta Austin, Amsterdam eta Filadelfiako zinema-jaialdietan saritu zuten. Horrez gain, Idazle Zinematografikoen Elkarteak emandako zuzendari berri onenaren saria eskuratu zuen. Extraterrestre (2011), hurrengo film luzea, urte bereko Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Bereziak sailean aurkeztu zuen. Bere azken-aurreko lanak, Open Windows (2014) filmak, Elijah Wood eta Sasha Grey izan zituen protagonista.