Ordubeteko itsas-bidaia bat, zinemagile banpiro baten saiakera metafilmikoa, film fantasma bat. Aurkitu eta berriz bilatzera daramaten bilaketen istorio bat. F.W. Murnau eta haren Nosferatu filma; Bram Stoker-en, Florence Balcombe-ren eta haren mutil-lagun Oscar Wilderen arteko maitasun-hirukotea. Naufragio ezagunak, itsasontzi batean emandako oporrak. Hilobi batetik lapurtutako bustoa, historiari eta zinemari buruzko gogoetak. Fikzio gotikoa, errealismo dokumentala eta bideo-saiakera ezkutatzen duten errusiar panpinen historia. Kontakizun baten collagea: liburu-zatiak, eskutitzak, txostenak, iragarkiak, telegramak, prentsako artikuluak, film-zatiak, txotxongiloak. Ispilu-jolas bat, benetako eta fikziozko banpiroak biltzen dituena: bakardadea, gizagabetzea eta gizarte-kontrola. Eta erdigunean, Drakula nobela; haren protagonista, haren egitura, haren funtsa. Rotterdamgo Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatua.
Koldo Almandozek (Donostia, 1973) Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean. New Yorkeko Unibertsitatean eta Boiseko Estatuko Unibertsitatean ikasi zuen gero. Hainbat film labur, dokumental eta pieza esperimental egin ditu, hala nola Hubert Le Blonen azken hegaldia (2014), Deus et machina (2012), Ahate pasa (2009), Columba Palumbus (2007), Amuak (2004), Belarra (2002) eta Razielen itzulera (1998). Haren lanak jaialdi askotan izan dira ikusgai eta ehunetik gora sari irabazi dituzte. Hainbat komunikabidetan kolaboratzen du, eta The Balde aldizkariaren zuzendaria 2003az geroztik.