Thomas alemaniar pastelgile gazteak maitasun-harreman bat du Oren israeldarrarekin, Berlinera negozio-bidaia ugari egiten dituen gizon ezkondu batekin. Oren Israelen hilko da, auto-istripu batean; orduan, Jerusalemera bidaiatuko du Thomasek, haren heriotzari erantzuna bilatzeko. Identitate sekretua erabiliz, Thomas bere maitalearen alargun berriaren bizitzan infiltratuko da. Anat du izena, eta hark gobernatzen duen sukalde-laguntzaile izatera iritsiko da Thomas.
Ofir Raul Graizer askotariko lanbideetan ibilia da, hasi ehungintzatik eta gastronomiara arte. Zinema-ikasketak hasi zituenean, film laburrak zuzentzen hasi, eta hainbat zinema-jaialditan eman zituzten. Graduatu ostean La discotheque (2015) filmeko zuzendarikideetako bat izan zen; besteak beste, Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian eman zuten. Orain munduko hainbat lekutan bizi eta aritzen da lanean. Sukaldaritza-eskolak irakasten ditu, denbora-pasa gisa; aldi berean, proiektu zinematografiko eta artistikoetan dihardu. The Cakemaker Karlovy Varyko Sail Ofizialean proiektatu zen.