Gizadia janariarekin obsesionatuta dagoen une batean –plater guztiei argazkiak ateratzen, sukaldariak miresten, sare sozialetan jandakoaz harrotzen–, dokumental honek, gainazaletik harago joan, eta ikuspegi sakon, zintzo eta garrantzitsua ematen du Michelin izarrak dituzten sukaldari eta jatetxeen munduari eta egunerokoari buruz. Sukaldaritzako tenplu sorta handi bateko istorioak kontatu, eta Michelin gidaliburuaren handitasun eta miseriak jorratuko ditu, gastronomiaren urrezko aro honetan.
Rasmus Dinesenek 2003an zuzendu zuen bere lehen film luze dokumentala, Det forbudte landshold (The Forbidden Team), Tibeteko lehen futbol talde nazionalari buruzkoa. 2011n Verdens bedste kok (World’s Finest Chef, 2011) filmatu zuen, Rasmus Kofoed daniar sukaldariak –gaur egun hiru Michelin izar ditu– Bocuse d’Or lehiaketa irabazi zuela harturik ardatz. 2015ean Star Chefs zuzendu zuen, Michelin izarrak dituzten jatetxeei buruzko telesail dokumentala. Era berean, bideoklip eta publizitate-iragarkiak zuzendu eta ekoizten ditu.