Agnès Varda zinemagile beteranoa eta JR argazkilari eta artista grafiko gaztea Frantziako landa-eremuan zehar ibiliko dira, furgoneta batean, hainbat leku igarota. Helburu oso sinplea dute: jendea ezagutzea, haiekin ideiak trukatzeko; pertsona horiei argazkiak ateratzea, eta, ondoren, irudi horiek kalean eskala handian erakustea, zer-nolako erreakzioak eragiten dituzten ikusteko.
Agnès Vardaren obrak izaera errealista eta soziala du eta estilo esperimental bereizgarria agertzen du. Haren filmografian nabarmentzekoak dira, adibidez, Cléo de 5 à 7 (1962) eta Sans toit ni loi (1985, Urrezko Lehoia Venezian) fikzio-filmak, baita Les glaneurs et la glaneuse (2000) eta Les plages d’Agnès (2008) moduko dokumentalak ere. Azken horrek dokumental onenaren Cesar saria irabazi zuen, eta Visages, Villages-ek dokumental onenaren L’Oeil d’Or saria Canneseko 2017ko zinema-jaialdian. JR artista frantsesa mundu osoko hiriko kaleetan egin dituen obra grafiko ikusgarriengatik da ezaguna.