Castelcutòn, Siziliako kostalde eguzkitsuko herri lasai batean, Malena da emakume eder xarmangarri eta erakargarriena. Berria da herrian eta, senarra gerran duenez, egiten duen ibilaldi bakoitza ikuskizun bihurtzen da, gizonen begirada lizunez eta emazte bekaiztien txutxu-mutxu erreminduez inguratua. Bizikletan dabiltzan nerabe argal batzuek tropelean jarraitzen diote, edonora doala ere, haren edertasun zoragarri eta arketipikoari begiratzeko asmoz. Gazte horien artean Renato dago, hamahiru urteko mutila. Irudimen handia du, eta fantasia obsesiboaren mugara eramango du bere desira.
Giuseppe Tornatorek telebistako errealizadore eta argazkilari lanetan hasi zuen bere ibilbidea, Il camorrista (1986) filmarekin pantaila handian debuta egin aurretik. Ondorengo proiektuak, Nuovo Cinema Paradiso (Cinema Paradiso, 1988) izenekoak, nazioartean hartu zuen sona, eta ingelesezkoa ez den film onenaren Oscar saria irabazi zuen. Zinemagilearen filmografian nabarmentzekoak dira, besteak beste, Stanno tutti bene (1990), Una pura formalitá (1994), La leggenda del pianista sull’oceano (1998) eta La sconosziuta (2006).