Poliziak Gobernuko ministro bat atxilotu du, ustelkeria, funtsak bidegabeki erabiltzea, dirua zuritzea eta beste hamaika delitu ekonomiko egotzita. Haren semearen istorioa da hau. Boscoren ibilerak, Moralejako luxuzko txaletetik kaleratzen dutenetik, Podemosen egoitzan lan bila amaitu arte. Boscoren estualdi sentimentalak, hortz-hagin perfektu eta ezpain nagiko neskalagunak abandonatzen duenetik, desgaituen eskola batean hezitzaile dabilen gizarte-langile itsu batek onartzen duen arte. Boscoren miseriak, Enpresa Zuzendaritza Masterretik kanporatzen dutenetik, Lavapies auzoko kaleetan barrena izututa eta noraezean ibiltzen den arte. Hau komedia erromantikoa balitz, Boscok lezioren bat ikasiko luke, bizitzak zer edo zer irakatsiko lioke… eta azkenean argi-izpiren bat ikusiko luke, aldaketarako itxaropen bat. Bere bizitzako amodioa aurkituko luke. Edo beharbada gizakiarenganako fedea berrituko luke. Edo, besterik gabe, bide berri bat aurkituko luke... edo animalienganako nolabaiteko maitasuna. Zer edo zer. Zoritxarrez, hau ez da komedia erromantikoa.
Victor García León Más pena que Gloria (2001) filmarekin hasi zen zuzendaritzan. Lan horrek gizonezko aktore onenaren saria (Biel Durán) irabazi zuen Malagako zinema-jaialdian. Vete de mí (2007) filmak gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra (Juan Diego) eskuratu zuen, baita kategoria bereko Goya saria ere. Selfie Malagako aurreko zinema-jaialdiaren Sail Ofizialean estreinatu zen eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia eta Kritikaren Saria lortu zituen han. Hortik aurrera, hainbat zinema-jaialdi igaro zituen. Areto komertzialetan estreinatu zenean oso kritika onak jaso zituen.