Ben eta Rose bi garai desberdinetako haurrak dira, eta, ezkutuan, beren bizitzak bestelakoak izatea nahi dute. Benek inoiz ezagutu ez duen aitarekin amets egiten du; Rosek, berriz, emakumezko aktore misteriotsu batekin, eta oroitzapen-liburu batean haren bizitzaren berri ematen du. Benek pista bat aurkituko du etxean, eta Rosek titulu tentagarri bat irakurriko du egunkarian; orduan, simetria zoragarriz garatuko den bilaketa bati ekingo diote biek.
Todd Haynesen lehen film luzeak, Poisonek (1991), Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen Sundancen. Ondoren Safe (1995) egin zuen, Village Voice aldizkariak 90eko hamarkadako film onentzat jotako lana. Velvet Goldminek (1998) Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen Cannesen, eta Far from Heavenek (2002) Oscar sarietarako lau izendapen. I’m Not There filmean Bob Dylanen bizitza islatu zuen, eta 2015ean, Carol filmarekin Patricia Highsmith egokitu, eta sei kategoriatan izendatu zuten Oscarretarako. Wonderstruck Canneseko azken zinema-jaialdian estreinatu zen. Todd Haynes epaimahai ofizialeko presidentea izan zen Donostian 2013an.