Ella eta John beren sendagileen eta haurren zainketa itogarritik ihesean ari dira. John despistatua baina setatsua da. Ella ahula, baina aldi berean burutsua. Beren karabana leialean Bostonetik Key West irlara arte bidaiatuko dute, Estatu Batuetan. Bidean, alaitasun eta estutasun uneak partekatuko dituzte. Hala, arian-arian, bizitzeko grina eta besteekiko maitasuna suspertuko zaie, eta bestelako ikusmolde batekin begiratuko diote atzean uzten ari diren guztiari. Abentura horretan, elkar nola ikusten duten berriz pentsatzaraziko die horrek.
Paolo Virzi gaur egungo italiar zuzendari garrantzitsuenetakoa da. Bere filmografian, nabarmentzekoak dira: La prima cosa bella (2010), Tutti i santi giorni (2012) eta Il capitale umano (2013), hainbat David de Donatello sariren irabazlea, besteak beste, gidoi onenaren, zuzendari onenaren eta emakumezko aktore onenaren sariena. Haren azken lanak, La pazza gioia (2016), zuzendari onenaren, film onenaren eta emakumezko aktore onenaren David de Donatello sariak eskuratu zituen. The Leisure Seeker AEBn filmatu duen lehen filma da, eta duela gutxi Veneziako Mostran lehiatu da.