Eliok, 17 urteko gazte batek, gurasoek Italia iparraldean duten landetxean igaroko du 1983ko uda epel eta eguzkitsua. Egonean emango du denbora, musika entzuten, liburuak irakurtzen eta igerian, egun batean bere aitaren laguntzaile estatubatuar berria etxera iritsi arte. Oliver xarmangarria da, eta Elio bezala sustrai juduak ditu; gainera, gaztea da, bere buruaz ziur dago eta erakargarria da. Hasieran Eliok hotz eta urrun jokatuko du gaztearekiko, baina laster elkarrekin txangoak egiten hasiko dira. Elio Oliverrengana hurbiltzeko saiotan hasiko da eta gero eta intimoagoak bihurtuko dira, nahiz eta, Oliverrek esan bezala, “hitz egin ezineko kontuak” izan. Uda laburrak aurrera egin ahala, bikoteak elkarri dion erakarpena handitzen joango da.
Luca Guadagnino gidoilari, zuzendari, ekoizle eta ekintzaile artistikoa da. The Protagonists (1999), bere lehen film luzea, Veneziako zinema-jaialdian aurkeztu zen. Gero, besteak beste, lan hauek zuzendu zituen: Melissa P (2005); Io sono l´amore (2009) eta A bigger Splash (2015), Veneziako zinema-jaialdian lehiatua. Dokumentalak ere egin ditu: Cuoco contadino (2004), Inconscio italiano (2011) edo Bertolucci on Bertolucci (2013, Walter Fasanorekin batera zuzendua). Call Me by Your Name Sundance eta Berlingo zinema-jaialdietan aurkeztu da.