Bikote batek etorkin gazte bat kontratatuko du alokairuko ama izateko eta bere txalet ederrera eramango du. Gizona kanpoan lanean ari dela, emakumearen eta neskaren arteko harremana estutzen joango da, bikotearen bizimodu aberatsaz gozatzen duten bitartean. Baina, bere alaitasun behartuaren atzean, emakumeak gero eta deprimituagoa dirudi. Neskarekin edanean aritu ondoren, gidatzera aterako da. Hurrengo goizean, senarrak dei bat jasoko du: emaztea hilda dago, haren gorpu errea aurkitu dute suntsitutako autoan.
Alexandros Avranasen lehen filmak, Withoutek (2009), zazpi sari lortu zituen Tesalonikako zinema-jaialdiko Greek State Awards sarietan: besteren artean, film onenarena eta zuzendari onenarena. Haren hurrengo film luzeak, Miss Violencek (2013), zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia, gizonezko aktore onenaren Volpi Kopa eta beste hiru sari eskuratu zituen Veneziako zinema-jaialdian. Estatu Batuetan egindako lehen lanerako, True Crimes thrillerrerako, Jim Carrey eta Charlotte Gainsbourg izan zituen protagonista. Love Me Not bere laugarren film luzea du.