Jesúsek eta Nuriak arazo bat dute: edozein dela ere egoera, lagun eta senideen aurrean lotsagarri geratuko dira ziur, eta modu umiliagarrienean gertatzen da beti. Jesús ezkontza eta bataioetako argazkilaria da, baina bere ustez fotografia artistikoan erakutsi behar du bere benetako talentua. Nuriaren ustea da bere krisi iragankorrez harago bizitza interesgarriagoa hasiko zaiola. Elkarrekin aurkitu beharko dute ea beren patetismoa kutsatuta dituen birus iragankorra den, edo, aldiz, gaixotasun kronikoa duten. Vergüenza hamar kapituloz osatutako telesaila da.
Juan Cavestanyk, besteak beste, Guerreros (Daniel Calparsoro) eta Los lobos de Washington (Mariano Barroso) film luzeen gidoiak idatzi ditu. Horrez gain, Gente de mala calidad (2008), Dispongo de barcos (2010), El señor (2012) eta Gente en sitios (2013) filmak idatzi eta zuzendu ditu. Álvaro Fernández Armerok fikzio-film labur onenaren Goya saria irabazi zuen El columpiorekin (1992), eta hainbat film luze zuzendu ditu ondoren: Todo es mentira (1994), Brujas (1996), Nada en la nevera (1998), El arte de morir (2000), El juego de la verdad (2004), Salir pitando (2007) eta Las ovejas no pierden el tren (2014).