Urtero, Frantzian, 92.000 lagun baino gehiago sartzen dituzte zentro psikiatrikoetan beren baimenik gabe. Legearen arabera, ospitaleak 12 egun ditu pazientea epailearen aurrean jartzeko. Osasun-txostenean eta sendagile baten gomendioetan oinarrituta, funtsezko erabakia hartu behar da: pazienteak joan ala geratu behar du? Hamabi egun dira, eta horiek igarotakoan betirako alda daiteke bizitza. Raymond Depardon zuzendari eta argazkilari prestigiotsuak entzunaldi horietara sartzeko aukera izan du, lehenbiziko aldiz, eta justiziaren eta psikiatriaren arteko elkargune berezi horiek jaso ditu. Film harrigarri eta argigarria da, eta hitza ematen die orain arte ez zutenei.
Raymond Depardon (1942) frantses argazkilari eta zuzendari entzutetsua da. Hogei film luze dokumental zuzendu eta berrogeita hamarretik gora argazki-liburu argitaratu ditu. Gamma agentziaren sortzaileetako bat da, baita Magnum agentziako argazkilaria ere; kazetari grafiko gisa, nazioarteko gertakari garrantzitsuenetako zenbaiten berri eman du. 1991an Frantziako Argazkilaritza Sari Nagusia eman zioten. Bitan irabazi du dokumental onenaren Cesar saria: lehenbizi Reporters (1981) obrarengatik, eta Délits Flagrants (1994) filmari esker ondoren. Bere azken lanen artean, La vie moderne (2008), Journal de France (2012) eta Les habitants (2016) daude.