Txinan 1966an –hau da, Iraultza Kulturalaren lehen aroan, garai erradikalenean– filmatutako metraje amateur bat aurkitu ondoren egina, No intenso agorak intentsitate handiko uneen izaera iragankorrari buruz hitz egiten digu. Frantzian, Txekoslovakian eta, hein txikiagoan, Brasilen 1968an jazotako gertakarien artxibo-irudi batzuekin kontrajartzen ditu Txinako eszenak. Saiakera-filmen tradizioari jarraikiz, ikerketa gisa balio dute: nola egin zuten aurrera gertakari horietan parte hartu zutenek, grinak baretu eta gero. Metrajea artxibokoa da guztiz, eta filmatutakoen gogo-aldartea azaleratzeaz gain –poza, lilura, beldurra, desengainua, atsekabe sakona–, dokumentuen eta euren testuinguru politikoaren arteko harremana argitzen du. Zer esan daiteke Paris, Praga, Rio de Janeiro edo Pekinen inguruan garaiko irudiei begiratuz gero? Zergatik sortu zuen hiriotako bakoitzak dokumentu mota zehatz bat?
João Moreira Sallesek dokumental hauek zuzendu ditu, besteak beste: Futebol (1998), Arthur Fontes-ekin batera, Jorge Amado (1994), Noticias de uma guerra particular (1999), Kátia Lund-ekin batera, Nelson Freire (2003), Entreatos (2004) eta Santiago (2007). 1985ean VideoFilmes konpainia sortu zuen, eta haren bitartez hainbat film ekoitzi ditu: Central do Brasil (1998), Cidade de Deus (2002), Madame Sata (2002), eta Eduardo Coutinho brasildar zinemagile txalotuaren dokumental guztiak.