Nur eta bere gurasoak Txinara joan dira bizitzera. Nurrek lagun berriak egin ditu eta gaur bere lagun Guo Guoren urtebetetzea ospatuko dute. Horretarako, jolas parke batean elkartu dira eta, jolasean daudela, Guo Guo desagertu egin dela ohartuko dira. Haren bila joatean labirinto batean sartuko dira, eta irteteko, bertan aurkituko dituzten enigmak argitu beharko dituzte. Horrela, herensugearen bederatzi ateak zeharkatuko dituzte.
Juan Bautista Berasategi Euskal Herriko animazio-zinemaren aitzindaritzat jotzen dute. 1977an egin zuen debuta, Ekialdeko izarra marrazki bizidunetako film laburrarekin. Horren atzetik etorri ziren Fernando Amezketarra (1981) eta Kukubiltxo (1983). 1985ean Kalabaza tripontzia zuzendu zuen, euskal zinemaren historiako marrazki bizidunetako lehen film luzea. Ondoren, Astakiloen abenturak eta kalenturak (1987) zuzendu zuen, Bernardo Atxagaren gidoian oinarrituta. 1991n Balearenak estreinatu zuen, eta 1997an Ahmed, Alhambrako printzea, Goya sarirako izendatua. Joan den apirilean hil zenez, film postumoa da Nur.