Dhunu, 10 urteko neskato bat, Assameko herrixka urrun batean bizi da, Indian, gabezia gorrian. Bera espiritu librea da; bere amak, aldiz, egunero borrokatu behar du mahai gainera janaria ekarri eta seme-alabak hazteko. Hala ere, horrek ez dizkio ametsak galaraziko; adibidez, gitarra bat edukitzea, herriko mutil batzuekin sortu nahi duen 'Village Rockstars' musika-talde txikirako. Dhunuk bere adineko mutilen pareko gaitasuna duela uste du. Aurrerago, mutilek bertan behera utziko dute beren ametsa; Dhunuk, ordea, gitarra bat edukitzearekin amesten jarraituko du.
Rima Das gidoilari, ekoizle eta zuzendari autodidakta da. Assameko (Indiako ipar ekialdea) herrixka txiki batean jaio eta hazi zen, eta Mumbai eta Assam artean egiten du bere bizitza. Gidoiak ebaluatzen eta proiektuak enkargatzen dituen konpainia zinematografiko bat zuzentzen du, Flying River Films izenekoa. Man with the Binoculars: Antardrishti (2016) film luzea idatzi eta zuzendu zuen orobat; lan horrekin, Tallinn Black Nights zinema-jaialdian lehiatu, eta Mumbaiko Jio MAMI zinema-jaialdiko Indian Story sailean parte hartu zuen. Village Rockstars, bere bigarren film luzea, Torontoko iazko zinema-jaialdian estreinatu zen.