Miren Arzallus Loroño (Bilbo) Deustuko Unibertsitateko Historia lizentziaduna da; Politika Konparatuko masterra atera zuen London School of Economics eskolan eta Artearen Historiako masterra, Jantziaren Historian espezializatua, Courtauld Arte Institutuan. Britainia Handiko hainbat museo igaro ondoren –adibidez, Victoria & Albert Museum eta Kensington Palace–, Cristóbal Balenciaga Fundazioko bildumaren eta erakusketen arduraduna izan zen 2006tik 2013ra, eta aldi horretan argitaratu zuen Cristóbal Balenciaga. La forja del Maestro (1895-1936) liburua (Donostia-San Sebastián; Nerea, 2010). 2013tik 2017ra bitarte hainbat museorekin aritu zen lanean, komisario independente gisa, adibidez, Pariseko Palais Galliera edo Musée de l’histoire de l’immigration (Fashion Mix. Mode d’ici. Créateurs d’ailleurs; Paris, 2014ko abenduak 9 - 2015eko ekainak 28); Bilboko Arte Ederretako Museoa (Los años 50. La moda en Francia, 1947-1957; Bilbo, 2015eko martxoak 10 - abuztuak 31) eta Anbereseko MoMu (Game Changers. Reinventing the 20th Century Silhouette; Anberes, 2016ko martxoak 17 - abuztuak 14) museoekin. Horrez gain, Deustuko Unibertsitateko ikertzailea izan da eta bertan garatu du bere doktorego-tesia: Côte Basque: moda, ocio y performatividad (1855-1939). Gaur egun, munduan euskal kultura eta hizkuntza zabaltzen duen Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria da.