Joserra Senperena piano-jotzaile eta musikagileak piano klasikoko goi-mailako ikasketak egin zituen Donostiako Kontserbatorioan eta geroago jazz-musika ikastera joan zen Bartzelonara.
Bederatzi disko kaleratu ditu bere izenean, hasi jazz eta blues estiloetatik eta ganbera-musikaraino, baita piano-soloak ere, horietako batzuk Harkaitz Cano, Patxi Zubizarreta, José Luis Zumeta, Dora Salazar, Joxe Inazio Ansorena edota Ángela Molinarekin batera.
Azken urteotan soinu-bandak konposatzeari ekin dio. Bere azken lanak dira Juanba Berasategiren Nur eta herensugearen tenplua (2017)), Koldo Almandozen Sipo phantasma (2016), Julio Medemen La ballena real (2016) edota Josu Martinezen Gure sor lekuaren bila (2015).
Aurtengo ekainean aurkeztu du Adiós a la bohemia diskoa. Pablo Sorozábal eta Pío Barojaren operaren bertsio bat da, piano eta ahotserako, eta Rafael Berriorekin batera egin du.
Zinemaldiko edizio honetan Nur eta herensugearen tenpluaren soinu-bandako Suitea entzuteko aukera izango da Euskadiko Orkestrak Belodromoan emandako kontzertuan.