tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Zinemaldiaren Egunkaria > Jo ezazu behin eta berriro
Zinemaldiaren Egunkaria » Muriel Box
Jo ezazu behin eta berriro
The Seventh Veil / El séptimo velo
Astelehena, 2018(e)ko irailak 24

Badago eszena bat, ia pelikula osoa markatzen duena, eta begietan geratuko zaiguna. Tutore autoritario eta, bide batez, lehengusu bigarrena denak eskatzen dionean protagonistari sonata hori berriro jotzeko pianoan, berriro saiatzeko, makila batek markatzen du in crescendo doan tentsioaren maila. Ia pantailetatik ukitu baitaiteke itxuraz inuzente izan arren gizon elbarriaren eskuetan bortitz ageri den makuluaren sinbolismoa.

Gizona musikari zapuztua da, aberats porrokatua, eta senide gazte eta ederraren eskuetan jarri ditu bere itxaropen guztiak: neskatila izango da bera inoiz izatera iritsiko ez den pianista bikaina eta famatua. Jo ezazu berriro, esaten dio begiradarekin, beraz; saia zaitez etengabe, iradokitzen dio makilarekin; egin ezazu hobeto, transmititzen dio ahoz eta keinuz. Eta neska ahalegintzen da, behin eta berriro jotzen du partitura, saiatzen da boterea daukan gizona pozik egon dadin bere ahaleginarekin, eta kontzertuak ematen ditu, kontzertu klaustrofobiko eta ilunak, poztasun edo alaitasunik ez; baina inoiz ez da nahikoa.

Eta, eszena horretan, zigor psikologikoaren metafora bilakatzen da makila, zigor saihestezin eta bibliko ia, batez ere lehengusinaren esku gainean bortizkeria handiz jausten denean. Ondoren gauza bera egingo du soilik neskaren eskuetan entzun nahi duen musika disko batean entzuten duenean: bortizkeria ezintasunaren ihesbide gisa.

Emakume gaixo baten buru barneko bidaia ia onirikoa da The Seventh Veil (1945) film hau, non Muriel Boxek introspekziorako zaletasuna agerian utzi eta bere lan gehienetan ageri den emakumeen psikologiarekiko interesa transmititzen baitu gidoiaren lerro eta kameraren irudi bakoitzean. Hipnosi giroaren erdian, filmean etengabe tartekatzen dira errealitatearekin eta ametsen munduarekin lotutako sekuentziak, eta, batzuetan, ez dago jakiterik honako munduan ala harakoan gauden. Ez dugu jakiterik denbora erreala zeri dagokion. Protagonistari gertatzen zaion antzera, gutxi asko.

Horrela, esnatu eta berehala psikiatrikotik alde egin eta hiriko zubi batetik behera bere burua botatzea beste bulkadarik ez duen emakumearen beldurrak eta kezkak aztertzen hasten denean, psikiatrak berehala topatuko ditu hor gazte garaiko oroitzapen goxoak eta tratu txar fisiko eta psikikoak eta maitasun pasarteak, dena nahasmahasean. Alde horretatik, lehen eszenek iragartzen dute filmaren obsesioa: amesgaiztotik esnatu, ihes egin, suizidatzen saiatu, saiakerak huts egin ondoren amesgaiztoan berriro sartu, berriro esnatu eta berriro hasi.

Gidoiak oso ondo marraztu zituen gizonezko emozionalki boteretsu eta emakumezko ahularen arteko harreman psikotiko samarraren nondik norakoak, ertzak eta ilunak. Gizonak sofritu egiten du ikusten duenean emakumea ari dela artista gisa bidea egiten, eta hala ere hor du afana: arrakasta izatea, eta berak ikustea. Era berean sofritzen du emakume gaztearen maitatze saiakerekin, eta soluzionatu gabeko tentsio sexuala agerian geratzen da, halako intzestu emozional etengabe bat.

Alberto Barandiaran

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea