Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Zinemaldiaren Egunkaria > Jie Liu: “Ezgaituen inguruan ikusleak gogoeta egitea nahi nuke”
Zinemaldiaren Egunkaria » Sail Ofiziala
Jie Liu: “Ezgaituen inguruan ikusleak gogoeta egitea nahi nuke”
Bao bei er / Baby (Txina)
Ostirala, 2018(e)ko irailak 28

Liu Jie txinatarraren Bao bei er pelikulak jaiotzetik zeukan gaixotasun bat zela-eta abandonatu zuten emakume gazte baten istorioa kontatzen du. 18 urte betetzearekin bat, bere harrera-ama izan denaren etxea utzi behar du eta, ospitale batean lanean ari dela, ikusiko du gaixotasun larri batekin jaio den ume bat hiltzen utzi nahi duela haren aitak. Ahal duen guztia egingo du hori eragozteko.

Filmean agertzen den gaixotasun larriari VACTERL sindromea deritzo eta sortzetiko malformazioen elkar- tze batean datza; sortzetiko akats hauen artean, uzki-atresia, bihotzeko gaixotasunak, hestegorriko arazoak eta gorputz-adarretako akatsak aipa daitezke. Zuzendariaren esanetan, “Txinan urtero jaiotzen diren umeen %5’6a gaixotasun larriekin sortzen dira, eta ondorioz, ehun milatik gora haur akats fisikodun abandonatu egiten dituzte euren gurasoek. Kopurua izugarria da, badakit; baina Txinako populazioa ikaragarri handia dela kontuan izanik, agian portzentajea ez da horren larria”.

Pelikula ezbai moral baten inguruan eraiki da: jaioberria gaixotasun larri horrekin munduratzen bada, hobe da haurrari ezgaitasun fisikoz josita utziko dioten ebakuntzak egitea eta gurasoak kalbario amaigabe batera kondenatu ala haurrari ezer ere ez egin eta hiltzen uztea?

Dilema horren inguruan pelikula egiteko arrazoia azaldu du Jie Liuk: “Nire lagun batek gaixotasun larri batekin jaio zen haur bat izan zuen eta medikuak hiru eguneko epea eman zion haurra tratatu edo hiltzen uztea erabakitzeko. Nire lagunak haurra tratatzea erabaki zuen”. Eta gaineratu du: “Ikusleak gai honen inguruan gogoeta egin dezan egin dut filma”.

Txinako antzinako usadioen arabera, jendeak bere seme-alabak mantentzen ditu gero hauek gurasoak zahartzen direnean manten ditzaten. Horregatik desgaitutako umerik nekez adoptatzen da, gero beren gurasoez ezin izango direlako arduratu. Zentzu horretan, Estatuak herritarren erabakitzeko aukerak zenbateraino mugatzen dituen erakusten du pelikulak, egoera paradoxikoak pantailaratuz: Ume bat hiltzen uztea legezkoa da; bizi osoan zaindu zaituen ama orain zuk zaintzea berriz, administrazio publikoaren irizpideen kontrakoa.

Txinako ezgaituen gaineko begirada eskaintzen du ‘Bao bei er’ filmak

Apaingarri handirik gabe eta giro-soinuarekin errodatuta dagoen pelikula honen alderdirik deigarrienetakoa aktoreen antzezpen neur- tuak dira, pantailan ematen duten itxura naturala. “Hori lortu dugu gidoi zehatzik ez zegoelako. Ez zait gusta- tzen gidoi itxiak idaztea, zaila gertatzen zait pertsonaia guztien elkarrizketak idaztea; hori eginez gero, ematen du esaldi guztiak nik esanak direla. Ez dut nahi aktoreek antzeztea, pertsonaia naturalak izateko aukera eman nahi diet”, ziurtatu du zuzendariak.

Sergio Basurko

 

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea