tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Berriak > Donostia Zinemaldiaren 67. edizioak eta Espainiako Zinematekak atzera begirako ziklo bat eskainiko diote Roberto Gavaldón zuzendari mexikarrari
Donostia Zinemaldiaren 67. edizioak eta Espainiako Zinematekak atzera begirako ziklo bat eskainiko diote Roberto Gavaldón zuzendari mexikarrari
Osteguna, 2019(e)ko martxoaren 28

Espainiako Zinematekak eta Donostia Zinemaldiak Roberto Gavaldóni eskainitako atzera begirako ziklo bat antolatu dute, Euskadiko Filmategiarekin eta San Telmo Museoarekin elkarlanean. Horrekin batera, zinemagile mexikarrari buruzko liburu monografiko bat argitaratuko da, Espainiako Zinematekak eta Donostia Zinemaldiak editatuta.

Roberto Gavaldón (1909-1986) 1950eko eta 1960ko hamarkadetako Mexikoko zinemako zuzendari garrantzitsuenetako bat izan zen. Jiménezen (Chihuahua, Mexiko) jaio zen 1909an, eta estra, aktore, zuzendari-laguntzaile eta gidoilari lanetan hasi zen zinemaren munduan. Zuzendarikide moduan ere egin zituen lan batzuk, eta 1945ean zuzendu zuen bere lehen bakarkako lana: La barraca, Vicente Blasco Ibáñezen izen bereko nobelaren egokitzapena. Espainiako gerraren ondoren Mexikora erbesteratu ziren Espainiako zenbait teknikari aritu ziren filmaren errealizazio-taldean.

Gavaldónen ezaugarria estilo soila, klasikoa eta errealista da, eta horregatik nabarmendu zen lehen film luzea egin zuenetik bertatik, eta horretan lagundu egin zion Gabriel Figueroa, Alex Phillips eta Jack Draper argazki-zuzendariekin, besteak beste, lan egiteak. Gai melodramatikoak jorratu zituen oro har. Gerora, bere estiloak eta aukeratzen zituen istorioek aurrez aurre jarriko zuten kritikari eta zuzendari gazteagoekin; izan ere, haiek zalantzan jartzen zuten zinemagileak zinema nazionalerako zuen joera.

Macario (1960) da bere filmik garrantzitsuenetako bat. Ben Travenen kontakizun bat du oinarri –John Hustonek ere idazle hori izan zuen inspirazio-iturri The Treasure of the Sierra Madre filmean, eta Gavaldónek berak ere berriro egokitu zituen haren lanak Rosa blanca (1961) eta Días de otoño (1962) filmetan–, eta harekin Canneseko zinema-jaialdian parte hartu zuen. Gainera, ingelesa ez den hizkuntza batean egindako film onenaren Oscar sarietarako izendatutako lehen film mexikarra izan zen. Protagonista, Ignacio López Tarso (Buñuelen Nazarín filmeko aktoreetako bat), Mexikoko zinemako izarretako bat zen urte haietan. Mexikoko zinematografiako beste izen handi batzuekin ere lan egin zuen Gavaldónek; besteak beste, hauekin: María Félix, Dolores del Río, Arturo de Córdova, Pedro Armendáriz eta Libertad Lamarque melodramaren izar argentinarrarekin.

Urteetan izan zen bere herrialdeko zinemaren ordezkaria nazioarteko lehiaketa garrantzitsuenetan. Zenbait aldiz lehiatu zen Cannesen, Venezian eta Berlinen, eta, 1953an, Acuérdate de vivir lana aurkeztu zuen Donostia Zinemaldiaren lehen edizioan. Zortzi Ariel sari irabazi zituen; hots, Arte eta Zientzia Zinematografikoen Mexikoko Akademiak 1947az geroztik ematen dituen sariak. Film onenaren lehen Ariel saria La barraca filmak jaso zuen.

Gehienbat melodrama landu bazuen ere, jorratu zuen bestelako generorik, esaterako poliziarena, musikala, fantasiazkoa eta landa-drama, eta western-ranchero ziklo bat egin zuen Antonio Aguilar aktorearekin. Bere filmen artean hauek azpimarratu behar dira: Macario; La otra (1946) –krimen baten inguruko drama, bi ahizpa bikiri buruz, non Dolores del Río aktorea den protagonista; Hollywooden film horren remake bat egin zuten, hots, Dead Ringer (1964), Bette Davis aktorearekin–; La diosa arrodillada (1947); En la palma de tu mano (1951), La noche avanza (1952) –lan honetako protagonista euskal pilotako eskrupulurik gabeko txapeldun bat da–; El rebozo de Soledad (1952); El niño y la niebla (1953); Camelia (1954), Sombra verde (1954), La escondida (1956), eta Miércoles de ceniza (1958). 1955ean, Disney etxeak Mexikon filmatutako bere ekoizpenetako bat zuzentzeko aukeratu zuen Gavaldón: The Littlest Outlaw.

1960ko hamarkadaren hasieran, erabateko aldaketa izan zuen lantzen zituen gaietan, eta modu argiagoan agertu zen gai sozialen eta politikoen alde. Hala, Rosa blanca filmatu zuen, Mexikoko petrolioaren desjabetzeari buruz, baina debekatu egin zuten, eta 1972ra arte ez zen estreinatu. Días de otoño filmean, emakume baten istorio iluna kontatzen du: senargaiak abandonatu du baina denei esaten die harekin ezkondu dela eta haurdun dagoela. Macario filmeko bikote bera da protagonista; hots, Ignacio López Tarso eta Gavaldónek deskubritu zuen aktore Pina Pellicer. Horren ondoren, Gabriel García Márquez eta Carlos Fuentes idazleekin batera lan egin zuen El gallo de oro (1964) filmaren gidoian: borroka-oilar bati buruzko parabola bat, Juan Rulforen istorio batean oinarrituta.

1970ko hamarkadaren lehen erdian, hiru film egin zituen Espainian: Don Quijote cabalga de nuevo (1973), Fernando Fernán Gómez eta Cantinflas direla Kixote eta Sancho Panza, eta Amparo Rivelles protagonista den bi drama: La madrastra (1974) eta La playa vacía (1977). 1979ra arte aritu zen lanean. Urte hartan Cuando tejen las arañas bere azken lana zuzendu zuen, neska nerabe baten sexualitate erreprimituari buruzko drama bat. Mexiko Hirian zendu zen 1986an.

Atzera begirako zikloa Donostia Zinemaldian eman ondoren, Espainiako Zinematekan ikusi ahal izango da, Madrilen, urrian eta azaroan. 25 bat tituluk osatzen dute atzera begirakoa, eta horietako batzuk Mexikoko Zineteka Nazionalak eta UNAM Zinematekak berritutakoak dira.


OSATU ZURE LIBURUTEGIA

Gogoratu, Zinemaldiko aurreko edizioetako zikloei eskainitako
liburuak Zinemaldiko Argitalpenen Dendan lor ditzakezula

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea